Erroldatzeari buruzko argibideak biltzen dituen informazio orria banatu da postontzietara
Erroldarik gabe eskubiderik ez izenburuko argibide triptikoa osatu eta zabaldu da denon bizitzak erdigunean egitasmoaren baitan. Errolda eta erroldatuta egotea zer den, zertarako balio duen eta zein eskubide eta betebehar dituen zehazten da informazio orrian.
Udalerrian bizi den pertsona oro inskribatzeko betebeharra dute Udalek eta Euskal Herrian bizi diren pertsona guztiek ere erroldatzera derrigortuta daude. Beraz, administrazio publikoarentzat zein norbanakoarentzat derrigorrezko betebeharra den aldetik, eskubidea ere bada norbera bizi den tokian erroldatuta izatea. Erroldatzea doakoa eta nahitaezkoa dela zehazten da eta, ondorioz, erroldatzearen truke dirua edo bestelako ordainen bat eskatzea iruzurra eta arau-hauste larria dela argitzen da. Era berean, zenbait etxe jabek alokairu kontratuetan jasotzen dituzten ez erroldatze klausulak deuseztagarriak direla zehazten da, jabeak erroldatzeko legezko eskubidea ezin duelako mugatu. Erroldatzeko sarbideak zerrendatzen dira eta erroldatuta egoteak dakartzan eskubide eta betebeharrak, aipatu bezala.
Etxeetara banatu den esku-orria euskaraz dago baina txertatu den QRaren bitartez gaztelera, arabiera eta urdu itzulpenak irakurri daitezke. Gurera bizitzera datozen etorkin askok beraien egunerokoa normalizatzen hasteko topatzen duten zailtasunetako bat da erroldatzearena. Eta oinarrizko eskubide hori gauzatu ezean administrazioak eskainitako zerbitzuetarako sarbidea are eta zailagoa da: osasuna, hezkuntza eta ikasketa bekak edota udalak kudeatutako laguntza-programetarako eta gizarte prestazioetarako sarbidea zailtzen da. Baina bertakoek ere argi izan behar dute ezin dutela mugatu etorkinen erroldatze eskubidea.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!