Errenta Aitorpena Euskaraz kanpainarekin bat egin du Udalak aurten ere
Kanpaina honen helburua da ahalik eta herritar gehienek errenta aitorpena euskaraz egitea, euskarak dagokion lekua izan dezan administrazio publikoan. 2006tik 2025era 28 puntu handitu da aitorpena euskaraz aurkezten duten oñatiarren kopurua. Udalak 18 urte daramatza errenta aitorpena euskaraz betetzeko sentsibilizazio kanpainak egiten eta neurri eraginkorra dela argi dago, oñatiarrek urtetik urtera egiten duten hizkuntza hautua ikusita; 2006an 500 ere ez ziren aitorpena euskaraz bete zuten herritarrak eta iazko kanpainan 2.569 izan ziren, aitorpen guztien % 36a alegia. Urtez urte kopuru hori handitzen ari bada ere, Oñatiko euskaldunen kopurua kontuan izanik, badago zer hobetua. Horregatik Errenta aitopena euskaraz kanpainaren baitan esku-orria prestatu da eta etxeetara banatuko da.
Urtero legez, hiru bidetatik aurkeztu daiteke errenta aitorpena eta guztietan euskaraz egin daiteke. Auto-likidazio proposamena etxean jasotzen da eta elebitan jasota ere, onartzerakoan, euskaraz egin nahi dugula adieraziz gero, aurrerantzean, euskaraz iritsiko zaigu. Mekanizatua aukeratuz gero, hitzordua hartzerakoan euskaraz egin nahi dela adieraztea nahikoa izango da. Azkenik, internet bidez eginez gero, errenta programaren euskarazko bertsioa jaitsi behar da eta aholkulariren baten laguntzaz betez gero euskaraz egiteko eskatu. Edozein bide aukeratuta ere, Ogasunarekiko harremana euskaraz nahi dela adierazi besterik ez da egin behar aitorpena euskaraz bete eta aurkezteko.
2025eko Errenta kanpaina martxan da jada Gipuzkoan, autolikidazio proposamenak dagoeneko onartu baitaitezke. Errenta mekanizaturako txandak ematen apirilaren 13an hasiko dira eta hurrengo egunetik aurrera Ogasuneko bulegoetan aurrez aurre aurkeztu ahal izango dira. Aurtengo errenta aitorpen kanpaina uztailaren 2an amaituko da.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!