Erorikoak saihesteko lau orduko tailerra antolatu da martxoaren 3 eta 4rako
64 urtetik gorakoen artean erorikoak izan ohi dira lesio eragile nagusiak EAEn. Datu epidemiologikoen arabera, gutxienez urtean behin erortzen dira talde horretako pertsonen erdiak; eta ondorio fisikoak ez ezik, psikologiko eta sozioekonomikoak ere izaten dituzte. Arazoaren garrantzia kontutan hartuta, erorikoak saihesteko tailer teoriko-praktikoak antolatzeari ekin zion Udalak, osasun arduradunekin batera. Urtean birritan egin ohi dira eta aurtengo lehenea martxoaren 3 eta 4rako antolatu da.
Erorikoak saihesteko tailerra pertsona nagusiei zuzenduta dago. Tailerra Zubikoa kiroldegian izango da eta bi saio teoriko-praktiko egingo dira, martxoaren 3an eta 4an, 16:00etatik 18:00etara. Saio hauetan hainbat gai azalduko dira: erorikoak zergatik gertatzen diren eta zer egin daitekeen aurre hartu edo prebenitzeko; ohitura osasungarriak izan eta ariketa fisikoa egitearen garrantzia eta eskuragarri dauden laguntza teknikoak, telelaguntza, esaterako. Ariketa praktikoak ere egingo dira nola erori eta erori ondoren nola jaiki ikasteko.
Erorikoak saihesteko lau orduko tailer honetan parte hartzeko izena eman behar da osasun-zentroan edo bertara telefonoz deituta: 943 03 54 30 zenbakira. Tailerra doan da baina plazak mugatuak dira eta 15 lagunek egin ahal izango dute. Aurretik egin diren era honetako tailerretan, taldeak oso azkar bete direla kontutan hartuta, izena lehenbailehen ematea komeni da.
Hainbat erakundek bat egin dute erorketen prebentziorako tailer honen antolakuntzan: Udalak, POZ ohitura osasuntsuen orientazio zerbitzua, osasun zentroak eta Eusko Jaurlaritzako Osasun saila eta betiON telelaguntza zerbitzua. Helburua, ahal den neurrian, erorikoen kopurua gutxitzea da
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!