Erakusketa, bisita gidatuak eta haurrei zuzendutako lantegiak egingo dira Arantzazun, Oteizaren apostoluak jarri zireneko 50. urteurrena oroitzeko

2019/06/03
Card image cap
Arantzazun eta Oteiza Museoan egingo diren ekintzak elkarren osagarri izango dira

  Jorge Oteiza eskultorearentzat, bizitzako proiekturik garrantzitsuena izan zen Arantzazukoa. Beste proiektuak utzi eta horretan jarri zen, garrantzitsuak ziren baldintza ugari baitzituen oriotarrarentzat. Artistikoki erronka bat izan zen; 1951rako, lan hura egiteko hautatu zutenerako, abstrakzioaren bidea hartuta zegoen Oteiza, eta arkitektoek eta frantziskotarrek emandako enkarguak estetika figuratiboarekin ere lan egitea eskatzen zion. Bestetik, Gipuzkoako patroia zenaren basilikan lan egiteko eskaera zen, eta, sinbolikoki, kontzeptu asko batzeko nahia eragiten zion horrek. Eskultura, arkitektura, paisaia, pintura eta beste zenbait arlo integratzea eskatzen zuen proiektuak, eta hori oso interesgarria iruditzen zitzaion eskultoreari.

  Oteizak santutegiaren fatxadarako diseinatu zituen hamalau apostoluak orain dela 50 urte jarri zituzten, eta, urteurrena ospatzeko, hainbat ekitaldi antolatu dituzte Arantzazu Gaur fundazioak, Jorge Oteiza museo-fundazioak eta Arantzazuko frantziskotarren komunitateak.

  Oteiza eta Arantzazuko estatuaria, 1950-1969 erakusketa da ekitaldi nagusienetako, eta elkarren osagarri diren bi espaziotan garatuko da: Oteiza museoan, Altzuzan, eta Arantzazun. Nafarroan, ekainaren 19tik urriaren 27ra arte egongo da ikusgai eta besteak beste, ehundik gora eskultura estudio erakutsiko dituzte, gehienak orain arte erakutsi gabeak. Arantzazuko Gandiaga topagunean jarriko den erakusketaren bigarren zatia berriz, ekainaren 28tik urriaren 27ra ikusi ahal izango da. Arantzazun, proiektuak izandako gakoak azalduko ditu 50 eskultura ingururen bidez, eta ikus-entzunezko ugari ere bilduko ditu. Bisita gidatuak egingo dira, ekainaren 29an, abuztuaren 24an eta urriaren 19an. Gainera, Harrizko gorputza izenburupean, 6-12 urte bitarteko haurrei zuzendutako arte lantegia egingo da irailaren 28an. Eta Arantzazun programatutako ekintzekin amaitzeko, urriaren 19an, hitzaldia emango du erakusketaren komisario Elena Martinek, Oteiza en Arantzazu. Del debilitamiento de la expresion al espacio receptivo izenburupean.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!