Oñatiko udala

Eraikinen mantenuko ofizial lanpostua betetzeko deialdia egin du Udalak, Lanbideren bitartez

2025/09/02
Card image cap
Aldi baterako kontratua egingo zaio

  Eraikinen mantenuko ofizial plaza hutsik dago udal plantillan eta hori betetzeko iragarkia martxoan argitaratu zen estatuko aldizkari ofizialean. Baina hautaketa prozesua burutzen den bitartean lanpostua aldi baterako bete nahi du Udalak eta horretarako deialdia Lanbideren bitartez zabaldu du. Langile berria urriaren 1ean lanean hastea aurreikusten du Udalak, iragarkian zehazten denez.

  Lanbide klasikoetan edo parekoan LH-Ieko titulazioa, B gidabaimena, instalatzaile txartela eta B2 mailako euskara ezagutza izatea eskatzen da eraikinen mantenuko ofizial lanpostura presentatu ahal izateko. Horrez gain, lan esperientzia, prestakuntza ikastaro osagarriak eta eskatutakoaren gaineko titulu akademiko ofizialak izatea baloratuko da. Udalak, aldi baterako lan kontratua eskaintzen du, plaza behin betiko bete arte eta %100eko lan jardun osoarekin. Interesatuek Lanbideren web atariaren bitartez eman behar dute izena, lehenbailehen, lan eskaintza pasa den astean argitaratu baitzen.

  Udalak bete asmo dituen lanpostuekin jarraituz, esan bestalde, kale garbiketako pioi gidari plaza betetzeko uztailean egin zuen deialdira aurkeztu ziren hautagaien onartu eta baztertutako behin behineko zerrenda argitaratu zela pasa den astean. Sei lagunen eskaerak jaso ziren baina bat baztertu egin da, zegokion tasa ez ordaindu eta eskatutako baldintzak ez betetzeagatik. Dena den, 10 lan eguneko epea dago erreklamazioak aurkezteko. Era berean, hautaketa prozesua zuzenduko duen epaimahai kalifikatzailearen kideen berri ere eman da iragarkian. Kale garbiketako pioi gidari plaza betetzeko aurreko prozesua bertan behera utzi zen hautagaietako inork ez zuelako gainditu.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!