Epeleko zabortegia berehala ireki eta hondakin industrialak jasoko dituenik ukatu egin du berriro ere Mankomunitateko presidenteak

2020/02/26
Card image cap
Azterketa tekniko-ekonomikoa egiten ari direla eta erabakia Mankomunitateko juntak hartuko duela berretsi du Maite Antonek

  Hileroko gobernu junta egin zuen atzo mankomunitateak eta berez Epeleko zabortegiaren gaia lan zerrendan jasota ez zegoen arren, horretaz berba egin zuten. Pasa den astean kaleratutako informazioa berretsiz, prentsa ohar berria zabaltzea erabaki zuten aho batez, azkenaldian sortu diren esamesei erantzuteko. Eusko Jaurlaritzako Ingurumen sailak zabaldutako baieztapena gezurtatuz, Epeleko zabortegia berehala ireki eta hondakin industrialak jasoko dituenik ukatu du mankomunitateako presidenteak.

  Epele 2018an itxi zen, erabilpen urria zuelako, eta berriro irekitzeak hainbat obra egitea eskatzen du aurrez. Horrek zer suposatuko lukeen zehazteko azterketa tekniko-ekonomikoa osatzen hasi dira mankomunitateko teknikariak, erabakia, ziurtasunez hartu ahal izateko, prentsa oharrean hitzez hitz esaten denez. Baina erabaki hori Debagoieneko mankomunitateak hartuko duela berretsi nahi izan du gobernu juntak eta Maite Anton presidenteak.

  Teknikarien azterketa txostena eskutan mankomunitateko Ingurumen batzordean aztertuko da baina erabakia gobernu juntak hartuko du. Mankomunitateko gobernu taldea bi aste barru-edo berriro biltzea espero da. Bitartean, ez zaio ez baiezko ez ezezko erantzun ofizialik emango Jaurlaritzako Ingurumen sailari.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!