Epaitegiak prebentzio hutsegite larriak aitortu ditu Autlan-en izan zen lan istripu batean
LAB sindikatuak jakinarazi duenez, Eibarko Lan Arloko Epaitegiak epaia eman du, AUTLAN eta honek azpikontratatutako ONE FACILITY SERVICE enpresen aurka, langile batek elektrolisi-ontzietako katodoen garbiketa lanetan izandako lan-istripu baten harira. Epaiak bidezko jotzen du segurtasun-neurri faltagatik ezarritako prestazioen errekargua, konkretuki, %30eko errekargua.
Ebazpenak agerian uzten du istripua ez zela ustekabeko ezbeharra, ezta langilearen jokabideari egotz dakiokeen zerbait ere, baizik eta laneko arriskuen prebentzioan egiturazko gabezien ondorio zuzena, bai enpresa nagusiaren aldetik, bai azpikontrataren aldetik. Epaitegiak ondorioztatzen du arriskuen ebaluazioa osatu gabea eta nahikoa ez zela eta langilearen segurtasuna haren jokabide indibidualaren menpe uzten zuela. Epaiak gogorarazten du araudiak babes kolektiboko neurriak lehenestera behartzen duela enpresa, eta kasu honetan neurri horiek ez zirela nahikoak izan. Epaiak berariaz baztertzen du langilearen arduragabekeria larria egon denik esatea, eta gogorarazten du legeak enpresak behartzen dituela laneko arduragabekeria ohikoak aurreikustera, lana modu seguruan antolatuz.
Lanen prebentzioa paper, jarraibide edo ohartarazpen hutsetara ezin dela mugatu argitzen du epaiak, LAB sindikatuaren arabera, eta, aitzitik, baliabide tekniko egokiak, kontrol eraginkorra eta benetako kultura prebentiboa eskatzen ditu, ekoizpen-irizpideen gainetik langileen osasuna eta osotasuna lehenetsi dadin. LABek positiboki baloratu du epaia, lan-osasunaren defentsan emandakoa dela azpimarratuz.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!