Enpresei zuzendutako bi hitzaldi antolatu ditu Debagoieneko Garapen Agentziak, datozen asteetarako

CAE edo energia aurrezteko ziurtagiri sistemaren inguruko hitzaldia izango da lehena, ekainaren 12an. Energia-eraginkortasuneko ekintza bat egin ondoren aurrezpena lortu dela bermatzen duen dokumentu elektronikoa da CAE deritzona. Enpresetan energia-aurrezkiak monetizatzeko aukera ematen duen sistema honek inbertsioaren kostuaren zati bat berreskuratzea ahalbidetzen du.
Jardunaldian, CAEak zer diren, ezaugarri nagusiak eta industria sektorean nola aplikatu daitezkeen ezagutzeko aukera egongo da. Gainera, onuradun izan daitezkeen teknologia/inbertsio nagusiak, izapideen kudeketa eta adibide praktikoak azalduko ditu Txekalde Ingenieritzako Andrea Estornes-ek. Online eta modu presentzialean jarraitu ahal izango den hitzaldi hau, energia hobekuntzarako aldaketak egin dituzten edo egiteko asmoa duten enpresei zuzenduta dago, bereziki. Parte hartzeko izena ematea ezinbestekoa da.
Era berean, uztailean, NIS2 zibersegurtasun zuzentarauen inguruko hitzaldia izango da. NIS2 zuzentarauak enpresa txiki eta ertainentzat izan ditzakeen ondorio tekniko eta legalen inguruan arituko dira ZIUR Gipuzkoako Zibersegurtasun Industrialeko Zentroko ordezkariak. Enpresa txiki eta ertain askori ez die zuzenean eragiten, duten tamainagatik, baina baliteke zeharka zenbait baldintza betetzera behartuta egotea, sektore kritikoetan jarduteagatik edo zuzenean eragiten dion enpresa baten hornidura-katearen parte direlako. ETEentzat egungo ingurune digitalean giltzarriak izan daitezkeen jardunbideak azalduko dira hitzaldian.
Ekaina eta uztailean egingo diren bi hitzaldi hauen inguruko informazio gehiago eskuratzeko Mankomunitateko Garapen Agentziarekin harremanetan jarri behar da: 943 793090 telefono zenbakira deituta.
Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!