Oñatiko udala

Enpresa eta negozioen transmisioari buruzko informazio jardunaldia antolatu du Mankomunitateak

2026/07/06
Card image cap
“Geroa bermatuz” ekimenaren baitan kokatzen den saioa uztailaren 17an egingo da

  Gipuzkoako ekonomian funtsezko erronka da belaunaldi-erreleboa, batez ere industria sektorean eta enpresa txiki eta ertain familiarretan. Gero eta enpresa gehiagok egin behar diote aurre negozioen eskualdaketaren erronkari. Trantsizio horretan lehiakortasunik ez galtzeko enpresaren jarduera, tokiko enplegua eta metatutako ezagutza mantentzea funtsezkoak dira. Formula ezberdinak daude enpresen jarraipena ziurtatzeko eta uztailaren 17rako antolatu den jardunaldian kooperatibak eta lan sozietateak aurkeztuko dira negozioen jarraipena bermatzeko alternatiba gisa.

  Lan sozietateen eredua azaltzeko ASLEko ordezkariak gonbidatu dira eta kooperatibez berba egiteko HAZIKOOPeko kideak. Bi formulek aukera ematen dute bideragarri diren enpresei jarraipena emateko, langileen parte-hartzearen bidez.  Horrezaz gain, administrazio ezberdinek enpresen eskualdaketa prozesuak errazteko dituzten laguntza programak eta dirulaguntzak azalduko dira. Eta amaieran, zalantzak argitzeko eta esperientziak partekatzeko tartea irekiko da.

  Jardunaldi honetan parte hartzeko modalitate bikoitza eskaintzen du Mankomunitateak, presentziala edo online. Batera edo bestera, izena eman behar da, Debagoieneko Garapen Agentziarekin harremanetan jarrita, debagoiena.eus atariaren bitartez edo telefonoz zenbaki honetara deituta: 943 79 30 90. Geroa Bermatuz ekimenaren baitan antolatu den informazio saioa Mankomunitatearen Arrasateko bulegoetan izango da, uztailaren 17an, 9:30etatik 11:30etara.

  Geroa Bermatuz Debagoieneko enpresa eta negozioen jarraikortasuna sustatzeko ekimena da. Errelebo-prozesuak garaiz planifikatzearen garrantzia azpimarratzen du, eta prestakuntza, aholkularitza, sentsibilizazioa eta erakundeen arteko lankidetza sustatzen ditu, eskualdeko ehun ekonomikoa indartzeko.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!