Enpresa berriak sustatzeko dirulaguntzak ematen jarraitzen du Udalak
Enpresa berriak sustatzeko oinarri arautzaileak eta deialdia otsailaren 26an onartu zituen Osoko bilkurak eta iragarkia Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean ostiralean argitaratuta zabalik dago eskaerak egiteko epea. Oñatin enpresa jarduera berri bat sortu edo eskuz aldatuta jarduerari jarraipena ematen dion orok eskatu dezake dirulaguntza. Sustatzailea Oñatin erroldatuta egotearen baldintza oinarrietatik ezabatu da baina sortzen den enpresa berriaren kokapena bere horretan mantentzen da eta negozioak Oñatin izan behar du egoitza soziala eta fiskala, eta lantokia bera ere bai.
Enpresa berriak esanda, 2025eko urtarrilaren 1etik eta 2026ko ekainaren 30era bitartean alta emandako jarduerak ulertu behar dira, eta hori egiaztatzeko, Ekonomia Jardueraren gaineko Zergan alta eman zeneko data hartuko da kontuan. Dirulaguntza eskaerarekin batera, aipatu altaren egiaztagiria aurkeztu beharko da. Eskaerarekin batera presentatu beharko dira baita ere, Gizarte Segurantzako alta egiaztagiria, enpresa proiektuaren aurkezpena edo bideragarritasun azterlana eta dirulaguntzaren xede diren lanpostuen titularren nortasun agiriaren kopiak. Izan ere, hauek bat baino gehiago izan baitaitezke, eta Udalak, enpresaren alta ematen den momentuan, enpresaren sustatzaileek sorturiko lanpostu bakoitzeko dirulaguntza emango du. Orokorra, 1.500 euro lanpostu bakoitzeko da baina aktibitatea lehenengo sektorean sortuz geroz, bikoiztu egingo da, eta 3.000 euro lanpostuko emango da, eta sustatzailea emakumea den kasuetan, %30 handituko da sortutako lanpostuari dagokion dirulaguntza, beti ere, 6.000 euroko mugarekin onuradun bakoitzeko. Puntu hau 2022an txertatu zen oinarrietan eta baita ere, merkataritza sektoreko lokalen alokairuak ordaintzeko laguntza lerroa; merkataritza jarduerari lortutako zerbitzua eman eta negozio lokala Oñatiko herri gunean kokatuta dagoen kasuetan, lehenengo urteko alokairu gastuak arintzeko udalaren dirulaguntza eskuratu ahal izango da, urtean 2.500 euroko mugarekin. Diruz lagunduko diren jarduerak ere mugatu egin dira aurtengo deialdian eta ostalaritza lokalak edota Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergaren epigrafe konkretu batzuetako jarduerak ere kanpo utzi dira.
Enpresa berriak sustatzeko dirulaguntzetarako 30.000 euroko partida gorde du Udalak. Eskaerak egiteko epea zabalik dago azaroaren 30era arte. Iaz 9 eskaera onartu ziren eta beste horrenbeste enplegu sortzeagatik 16.800 euro banatu ziren. Gainera, 3 alokairu kontratu 7.500 eurokin lagundu ziren.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!