Oñatiko udala

Emozioak eta zuzenbidea aztergai dira berriro Lege Soziologia Institutuko mintegietan

2018/05/31
Card image cap
Euskal gatazkaren ondorenaz eta berradiskidetzeaz ere eztabaidatuko da

  Bigarren aldia da aurten Lege Soziologiako Institutuko mintegien saioetan emozioek espazio juridikoetan duten eragina, bitartekaritza eta berradiskidetze prozesuak lantzen direla. Eta bigarren aldia baita ere, euskal ikerlari bat koordinatzaile lanetan ari dela, Dario Paez, EHUko irakaslea baita, beste bi lankiderekin batera, gaur hasi den mintegiaren koordinatzailea. Eta jatorri hori, eztabaidagaietan antzemango da, euskal gatazkaren ondorenaz berba egingo baita, besteak beste.

  Mintegiaren koordinatzaileen esanetan, lege-espazioak emozioz beteta daude, eta emozioak nabarmenak dira justizia bilatzen den eta bidegabekeriari heltzen zaion lekuetan. Mintegiko partaideak zenbait galderari erantzuten saiatzen ari dira: emozioek nola eragiten dieten berradiskidetze eta bitartekaritza prozesuetan dauden norbanako eta gizarteei; emozioak nola arautzen diren lege-espazioetan eta bitartekaritza-espazioetan, eta nola garatzen diren emozio-dinamikak lege-espazio horiek trantsizio-justizia mekanismoetako parte badira. Berradiskidetze eta gatazka ondorengo kasu konkretuak azaltzerakoan euskal gatazka-ostekoa landuko da eta Glencree esperientziaz eta Bakeaz Blai ekimenaz argibideak emango dira.

  Mintegian parte hartzen duten 15 adituak modu berritzailean heldu diote gaiari, eta diziplina-arteko eztabaidarako giroa sortu dute Unibertsitate zaharrean.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!