Oñatiko udala

Emakumion etxia, HAPOa, Bagabiltz-Eskola Bidea eta udal kartografia hizpide izango dira gaurko Tokiko Gobernu Batzarrean

2026/01/22
Card image cap
Gazteen emantzipaziorako dirulaguntzen 2026ko deialdia egitea ere proposatuko da

  Emakumion etxeko sukaldea izango dena altzari eta etxetresna elektrikoz hornitzea proposatuko da gobernu taldearen bileran. Etxiaren barruko lanak oso aurreratuta daude eta txoko ezberdinak hornitu eta apaintzeko puntura iritsi dira. Pasa den abenduaren 18ko Tokiko Gobernu Batzarrean, dekorazio proiektua Barue interiorismo enpresari esleitzea erabaki zen. Egitasmoan, etxearen barne-diseinurako irizpide orokorrak zehaztu eta eremu bakoitzeko dekorazioa osatzeko elementu guztiak deskribatu dira, bai materialak, koloreen erabilera, paretetako elementu dekoratiboak, argiteria, landareak eta, noski, baita altzari eta bestelako elementuak ere. Emakumearen etxeak espazio ezberdinak izango ditu: harrera lekua, egongela, bulegoak, erabilera anitzeko guneak eta sukaldea, besteak beste. Gaurko batzarrean, sukaldeko altzari eta etxetresnen horniduraz arituko dira gobernu taldeko kideak.

  HAPO, Hiri Antolamendurako Plan Orokorra ere aurreratuta dago eta hasierako onarpena bideratu ahal izateko dokumentuaren aurkezpena egingo da. Prozesuak eskatzen duen herritarren parte-hartzea errazteko erakusketa jarri asmo da Santa Ana antzokiko sarreran. Bertan, HAPOaren dokumentuaren laburpena azalduko da, modu didaktikoan eta ulergarrian, argi eta zehatz. Sintesi lan hori egin eta informazioa grafikoz zein idatziz prestatzeko lana kontratatzea proposatuko da arratsaldeko bileran. Hirigintza kontuekin jarraituz, udal kartografia eguneratzeko asistentzia tekniko zerbitzua kontratatzea ere aztertuko da gaurko Tokiko Gobernu Batzarrean.

  Bagabiltz-Eskola Bidearen 2026ko programa kontratatzea; iaz eman ziren hainbat dirulaguntza zurituz aurkeztu diren txostenen berri eman, onartu eta dirulaguntzak likidatzeko erabakiak hartzea edota gazteen emantzipaziorako dirulaguntzen 2026ko deialdia egitea ere proposatuko da bileran, besteak beste.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!