Oñatiko udala

Emakumion Etxerako marka eta webgunea sortzen ari dira

2026/01/23
Card image cap
Komunikazio lanak diseinatu eta aholkua emateko zerbitzua kontratatu du Udalak

  Udaberrian irekiko da Emakumion Etxia eta ordurako eraikina eta bertako zerbitzua identifikatuko duen marka sortzea da helburua. Marka hori erabiliko da baita ere etxeko espazio ezberdinak identifikatzeko seinaleetan. Etxeak bere jardunaren berri emateko erabiliko duen web gunea diseinatu eta garatu beharra ere ikusi da. Guzti horretarako arloan aditua den enpresa kontratatzea erabaki zuen Udalak eta hainbat aurrekontua eta proposamen eskuratu ondoren, lana, Sorkuntzaren Lurraldea Sorland enpresari esleitzea erabaki da, proposamenen kalitatea eta eskaintzaren prezioa baloratu ondoren.

  Ekipamendu berriaren marka eta seinaletika sortuko da. Horretarako marka-dossierra landuko da eta etxean jarriko diren seinale ezberdinak diseinatuko dira. Informazio euskarri fisiko eta digitalen diseinua egingo da eta, horren haritik, Emakumion Etxiaren webgune izango dena diseinatu eta garatuko da eta kanpo komunikazioaren planifikazioa egingo da. Zenbait esparrutan elkarlanean arituko dira etxearen bueltan dagoeneko lanean ari diren talde ezberdinetako ordezkariak eta kontatatu den enpresako langileak.

  Sorkuntzaren Lurraldea Sorland S.L enpresarekin sei hilabeterako zerbitzu kontratua sinatu du Udalak, 13.866 euroko aurrekontuaz; lehen zatia, %40, orain ordainduko da eta gainontzekoa lana amaitzerakoan. Marka sortzea da lehentasuna, etxea irekitzerako jada seinalitika eta komunikaziorako eskuorriak egin beharko direlako, baina webgunearen diseinua eta garapena baztertu gabe.

  Emakumiaren Etxiaren inguruko informazioa jasota eta ikusgai dago udaleko webgunean, eta etorkizunean ere mantenduko da. 2018an egin ziren Partaidetzazko aurrekontuetan emakume etxea sortzeko beharretik abiatu eta gaur egunera arteko prozesua laburbiltzen da webgune historiko horretan. Berriak ere historia hori jasoko du baina beste aukera batzuk emango ditu, agenda eta bestelakoak barne bilduz. Webgune berri horretarako sarbidea ere udaleko webgunetik bideratuko da.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!