Emakumion etxerako altzari hornidura kontratatu berri da
Emakumion Etxia barrutik janzteko azken lanak dira altzari eta ehunen hornidura. Esleipena hiru lotetan banatu zen eta hala burutu da. Kontratuak asteartean sinatu ziren eta berehala hasiko dira betetzen, 5 asteko epean egiteko konpromisoa hartu dutelako enpresek. Horren arabera finkatu da Etxia irekitzeko data, maiatzaren 26an.
Sei enpresa aurkeztu ziren Udalak deitutako esleipenera baina bi kanpoan utzi ziren zehaztutako oinarriak ez betetzeagatik. Eskaintza ekonomikoa izan da esleipenerako irizpide nagusia baina egikaritze epea laburtzea eta bermealdia zabaltzea ere kontutan hartu dira. 1.go eta 3. lotea enpresa berberari esleitu zaizkio: Diseño interiorismo informatica oficinas S.A. enpresari. Lantokiko aulkiak eta mahai borobila, bulegoetako aulki eta mahaiak, eta gela balioanitzetako mahai tolesgarriak eta aulki pilagarriak bildu dira lehen lotean, leihoetako gortinak, alfonbrak eta gradetarako kuxinak, berriz, hirugarrenean. Lanok 20.050 eurotan egingo dira, udalaren gehienezko aurrekontua 9.000 eurotan merkatuz. Bigarren lotearen lanak berriz, Bigune Equipamiento Integral S.L. enpresak egingo ditu, 18.076 eurotan. Lote honetan dekorazio altzariak bildu dira: beheko eta lehenengo solairuko egongelako altzariak, bulegoetako apalategiak eta erabilera-anitzeko gela handiko esekigailuak. Onartutako proposamenak beste 6.600 euro aurreztea ekarriko du. Lanak berehala hasteko konpromisoa hartu dute bi enpresek.
Aipagarria da Emakumion etxiaren diseinu proiektua nola egin den, herriko hainbat disenatzaile elkarlanean aritu baitira: Barue interiorismoa, Amaia&Maialen interiorismoa eta Irati Romero. Elkarrekin osatu zuten proiektuaren araberako altzarien hornidura eta instalazioa esleitu berri da.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!