Emakumion Etxeko azken bilera orokorra egingo da etzi, asteazkenez

Eltziako hirugarren solairuan egingo da azkan bilera orokor hori , hilaren 18an, 17:00etatik 19:00etara. Gai nagusia, etxearen izena erabakitzea izango da, aipatu bezala, bide batez, planifikaziorako tresna bat partekatuko da bertaratzen direnen artean.
Aurrez, pasa den asteazkenean, Emakumion Etxia Eraikitzen prozesuko Topagunea burutu zen, ikasturteari amaiera emateko hitzordua. Topagune honen helburuak orain arte egindakoa eta aurrerantzean egin nahi dena partekatzea izan zen, elkarrekin egon eta ikasturteko talde lana baloratzearekin batera, ospatzea.
Aurkezpen irudimentsua izan zen, Talaiakideek errezitatu zuten eta Leire Zubia ilustratzaileak collagea egin zuen zuzenean. Hitzak entzun eta irudiak ikusiz, Emakumion Etxia errealitatean nolakoa izan daitekeen irudikatu zuten bildutakoek. Ondoren, gogoetarako tartea iritsi zen eta begirada bera partekatzen dutenak elkarrekin jarri zinen, 7 talde sortuz: emakumeen ahalduntzearen ikuspegia, ikuspegi feminista, lgtb+ ikuspegia, kulturarteko ikuspegia, ikuspegi antiarrazista eta gizonen ikuspegia. Zubigileen taldeak dinamizatu zituen eta bakoitzean esandakoak entzun eta jaso zituzten. Gogoeta bi galderen bueltan burutu zen: zer eskaini ahal digu Etxiak?, batetik, eta, zer eskaini diezaiokegu Etxiari?, bestetik.
Era berean, etxeko lan-taldeetan parte hartu dutenek ikasturteko balorazioa egin zuten, balorazio positiboa; eraikuntza prozesua ahalduntzailea izaten ari dela adierazi zuten eta prozesura bakarrik gerturatu baziren ere, egun, taldeko kide sentitzen direla eta horrek indartu egiten dituela aipatu zuten. Amaitzeko, ospakizun garaia iritsi zen eta mokadutxo baten bueltan eta Saltserek jarritako musikaz giroturik, ikasturteari bukaera eman zioten, asteazken honetan izango den azken bilera orokorrerako deialdia egitearekin batera.
Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!