Oñatiko udala

Emakumeentzako jabetze eskolan parte hartzeko izen-ematea zabalik dago jada

2025/09/02
Card image cap
Ikasturte berrirako egitarau liburuxka etxeetara banatzen hasi dira

  Aurten ere berrikuntzekin datorkigu emakumeentzako jabetze eskola: egun bakarreko edo negura arte iraungo duten ikastaroekin batera, ekainera arte luzatuko direnak eskaintzen dira. Gainera, ikastaro eta zenbait hitzaldiren arteko irazkortasun edo bideratzea erraztuko da. Hala, amatasunean bidelagun taldearen eskaintza hiru hitzaldi irekiz osatuko da, bertaratzen direnei aipatu taldera batzeko aukera emango zaielarik. Amatasunean bidelagun taldea bi astean behin, asteartetan, bilduko da, urriaren 7an hasita.

  Aukera horrezaz gain, yogaren aplikazio terapeutikoaren haritik konektatu zure buruarekin eta hartu arnasa ikastaroa, batxata salsa kuir, zoru pelbikoa indartzeko tailerra eta menopausia bizigarria ikastaroa egingo dira, abendura bitartean. Otsailera arte luzatuko da, bestalde, dolua eta eraldaketa ikuspegi feministatik izenekoa. Bestalde, ekainera arte luzatuko dira beste hiru: emakumeak mugimenduan, kakorratz ikastaroa gure korapiloak askatzeko eta gure baratzean burujabe izeneko ikastaroak. Eraso matxisten aurrean nola erantzun eta euskal gatazka ikuspegi feministatik izeneko egun bakarreko tailer eta solassaldia ere programatu dira urria eta azarorako. Antzerki emanaldia izango da, bestalde, Santa Ana aretoan, azaroaren 28an. Emakumeentzako jabetze eskolaren baitan antolatu diren ekintza guztien berri jasotzen duten liburuxkak etxeetara banatzen hasi dira astean.

  Izena emateko orria txertatu da liburuxkaren atzealdean; orri, beteta, udaletxeko HAZ bulegoan utzi daiteke edo izena online eman daiteke, udaleko web atarian sartuta. Batera edo bestera, irailaren 21a izango da azken eguna.

  Berezia da ikasturte hau Jabetze eskolarentzat, partikularki, eta herriko emakumeentzat, orokorrean, Emakumeen etxea udaberrian irekitzea aurreikusten baita. Horren harira, bilera orokorra egingo da hilaren 17an Eltzian. Emakumion etxia eraikitzen prozesuaren baitan eratu diren lantaldeen momentuko egoera errepasatuko da, horietan parte hartzeko gonbidapena zabalduko da, beste behin, eta ikasturte hasierako erronka eta helburuak zehaztuko dira. 

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!