Emakumeek espazio publikoa askatasunez erabiltzeko eskubidea aldarrikatu du Udalbatzak

2022/11/25
Card image cap
Adierazpen instituzionala irakurri zen atzoko Osoko Bilkuran

  Emakumeek espazio publikoaren erabilera berdintasun baldintzetan egin dezaten, eskura dituen baliabide, estrategia eta mekanismo guztiak eskaintzeko betebeharra dute Tokiko erakundeek eta hala onartu zuen Udalbatzak atzoko Osoko Bilkuran. Nazio Batuen Erakundearen ekimena bere egin zuen eta hiri seguruak eta espazio publiko seguruak sustatzeko konpromisoa hartu zuen. Baina Udalaren konpromisoa ez da segurtasunera mugatzen eta emakumeen eta nesken interesen, nahien eta beharren arabera eraikitako espazioak erreklamatzen ditu, bizitzeko, sozializatzeko, bakoitzak bere ekarpena egiteko eta askatasunez garatzeko.
Bide horretan Oñatiko Udalak bost konpromiso konkretu hartu ditu bere gain:

1. Aldaketak bultzatzea jarreretan eta portaeretan, emakumeek eta neskatoek indarkeriarik gabeko espazioez gozatzeko dituzten eskubideak bermatze aldera. Hori gauzatzeko, errespetuzko genero-harremanak eta genero-berdintasuna sustatzeko ekimenak bultzatzea, horretarako beharrezko diren baliabide ekonomikoak bideratuz.

2. Generoaren araberako eraginaren ebaluazioak txertatzea hiri-antolamenduaren gaineko plangintzetan, emakumeen beharrizanak kontuan har daitezen, eta beharrezko neurri zuzentzaileak bideratzea.

3. Berdinsarea eta bestelako erakunde eta koordinazio eta lankidetza egitura batzuekin lankidetzan aritzea, Emakunde eta foru-aldundiekin besteak beste, bai eta herriko mugimendu feminista eta bestelako eragileekin ere.

4. Jai eremuan ematen diren erasoen prebentzio eta arretarako bitartekoak eskaintzea, eta mugimendu feministarekin ausnarketarako espazioak zabaltzea, estrategia partekatu bat eraikitze aldera.

5. Udal-mailan eman daitezkeen sexu-erasoen prebentziorako, arretarako eta erreparaziorako baliabideak eta prozedurak jasoko dituen euskarri edo protokoloa adostea.

  Gaur, azaroaren 25a emakumeen aurkako indarkeriari aurre egiteko eguna dela eta Eudelek zabaldutako adierazpena bere egin dute udalbatza osatzen duten bi taldeek eta Adierazpen instituzional moduan onartu eta jakinarazi zuten atzoko Osoko Bilkuran.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!