Emakume Mundu Martxaren 6. ekintzari hasiera emango zaio Bergaran, domekan

Mendebaldeko Saharan abiatu zen Emakumeen 6. Mundu Martxa eta Euskal Herrira asteburuan iritsiko da; Debagoienako emakume eta feministak igandean Bergaran elkartuko dira, egun osoko egitaraua osatzeko. Gerren eta kapitalismoaren aurka, herrien burujabetza eta bizitza duinak aldarrikatuko dira. Oñatiko hainbat feministek ere parte hartuko dute. Aramaioko kolektibo feministako kideek bat egingo dute hitzorduarekin eta ekofeminismoaz jardungo dute; Bizkaiko asanblada feministako hainbat kide ere gonbidatu dituzte, nazioartean izan duten esperientziaren berri ematera, eta Euskal Herriko emakume migratu eta arrazionalizatuen sareko lagunak ere bertaratuko dira, beraien egunerokotasunaz berba egitera.
Festa giroan baina aldarrikapena ahaztu gabe beteko da Bergarako domekako egitaraua; 12:30etan ekintzaren aurkezpena egingo da eta ondoren, bildutako guztiek, kalejira osatuko dute. Ekitaldi nagusia, 13:30etan antolatu da. Emakume Mundu Martxak Euskal Herrian beteko dituen ekintzen berri emango da eta bertso aldarrikapenak entzungo dira. 14:00etan, Oholtza mediokreen apologia oihal akrobazia ikuskizuna izango da eta norberak eramandakoa herri bazkarian jan eta gero, ipuin kontaketa eta musika saioa izango dira. Lurra margotu, lurra defendatu ekintza ere antolatu da 16:30etarako, haur zein helduentzako eta guztia, 17:30etan amaitzea aurreikusten da. Ekintzak San Martin plazan izango dira, eguraldi txarrarekin Seminarioko karpan.
Emakumeen Mundu Martxaren haritik beste hainbat ekintza egingo dira urte osoan zehar: Palestinako Lurraren Eguna izendatu da martxoaren 30a eta genozidioa salatu eta emakume palestinarrekiko elkartasuna agertzeko mobilizazioak egingo dira; Bangladesheko Rana Plaza lantegiaren erorketaren urteurrenean enpresa transnazionalen aurkako elkartasun feministarenaAstea egingo da, apirilaren 24tik maiatzaren 1era; ekainean, Europa mailako ekintza antolatuko Marseillan eta irailaren 21ean, Bakearen Nazioarteko Egunean, Emakumeen Mundu Martxaren nazioarteko batzarra egingo da Nepalen. Mundu Martxa hau urriaren 17an amaituko da.
Oñatiko emakumeak Bergarako domekako ekitaldira gonbidatu ditu herriko sare feministak, sare sozialetan zabaldu diren bideoen bidez.
Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!