Emakume etxerako bi teknikari lanpostu betetzeko deialdia argitaratu du Udalak

Gaur ireki da Emakume etxeko teknikari lanpostuetara aurkezteko epea. Hautaketa lehiaketa-oposizio ireki sistemaz burutuko da eta interesatuek ekainaren 13ra arteko epea dute eskaera egiteko. Bete behar diren baldintzak hiru dira oinarrian: unibertsitate gradua edo diplomatura izatea; emakumeen eta gizonen arteko berdintasunari buruzko ikastaroa izatea, gutxienez 150 ordukoa eta erakunde ofizial batek ziurtatutakoa eta euskarazko C2 edo 4. hizkuntza eskakizunaren maila izatea.
Lanpostuen deialdian bete beharreko funtzio eta eginkizunak zerrendatu dira: emakumeen etxeko kudeaketa planifikatu, jarraipena egin eta antolatzea da eginkizun nagusia, baina erakundearentzako dirulaguntzak bilatu, izapidetu eta justifikatu beharko dituzte; jendeari arreta eta informazioa emango dute; beren eskumenekoak diren udal-ordenantzak eta araudiak idazten parte hartuko dute; Berdintasun arloan dauden laguntzak, prestazioak eta baliabideak izapidetu eta kudeatuko dituzte; herritarrentzako dauden zerbitzu, prestazio, programa eta baliabideen berri emango dute eta etxean garatzen diren jarduera eta programen plangintza, jarraipena eta ebaluazioa egingo dute; gainera, emakumeei errekuperazio fisiko eta psikologikorako behar duten arreta emango diete, kasuen jarraipena egin eta Udaleko beste departamentuekin koordinatu eta lankidetzan arituz, besteak beste.
Emakume etxeko bi teknikari lanpostura aurkezten direnek oposizio-lehiaketa gainditu beharko dute. Azterketaldian, gai orokor eta espezifikoei buruzko ariketa teorikoa eta praktikoaz gain, euskarari dagokiona egin beharko dute, eskatutako maila agiri bidez egiaztatu ez dutenek eta gaitasun eta nortasun probak ere gainditu beharko dituzte. Lehiaketa fasean, berriz, formakuntza osagarria eta esperientzia profesionala baloratuko dira.
Emakume etxerako bi teknikari lanpostutara aurkeztu nahi dutenek, ekainaren 13ra arteko epea dute eskaera egiteko.
Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!