Oñatiko udala

Emakume erreferenteen erakusketa osatu nahi du Oñatiko Sare Feministak, martxoaren 8rako

2026/02/16
Card image cap
Herritarren laguntza eskatu du norbanakoak erreferentetzat duen emakume horren argazkia aurkeztu dezan

  Emakumion Etxiaren bueltan osatu zen Saltsera taldearen ekimena da Emakume erreferenteen argazki erakusketa; herritarrak berdintasunean sentsibilizatzeko ekintzak antolatzeaz arduratzen da Saltsera taldea eta martxoaren 8a buruan, erreferente diren emakumeak bistaratu nahi ditu. Jasotako argazkiak herriko hainbat komertzio eta txokotan jarriko dira.

  Herritarren laguntza eskatu da erakusketa osatu ahal izateko eta bakoitzarentzat erreferentziazkoa den emakume horren argazkiak uztea eskatu da. Izan daitezke emakume ezagunak edo ezezagunak; familiakideak, lagunak, eskubide sozialen alde aritutakoak, kirolariak, irakasleak, dendariak, zaintzaileak, euskal herritarrak zein nazioartekoak... bakoitzak daki bere egunerokoan eragina izan duten eta erreferente izan diren emakumeak nortzuk diren eta hori argazki bidez adierazteko deialdia egin da. Argazkien kopiak batu nahi dira eta horretarako kutxak jarri dira Gaztelekuan, Kiroldegian, Kultur Etxean, Pake Lekun eta Eltzian, Lagun Leku elkartearen sarrerakoan. Taldearen posta elektronikora ere bidali daitezke argazkiak: saltserakOEE@gmail.com helbidera. Irudian agertzen den emakumearen izen-abizenak eta erreferente zergatik den azaltzea ere eskatzen da. Argazkiak kutxetan utzi edo bidaltzeko azken eguna, otsailaren 23a, datorren astelehena da.

  Herritarrek helarazitako argazkiez Emakume erreferenteen erakusketa osatuko da eta herriko hainbat dendetako erakusleiho eta txokotan ikusgai jarriko da, martxoaren 8rako. Izan ere, Emakumeen eguna izango da martxoaren 8a, eta ospakizun nahiz aldarrikapen ekintzen egitaraua zehazten ari dira egun hauetan. Azken urteetako ohiturari jarraituz, emakume artisauen erakusketa egingo da, martxoaren 1ean, eta manifestazioa, 8an. Ekintza horiek aurreratu dira dagoeneko baina beste batzuk ere antolatu daitezke.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!