Elkarretaratzea egin da Enpresagintza fakultatean, ostiral arratsaldeko sexu erasoa gaitzetsiz
Ostiral arratsaldean sexu erasoa izan zen Mondragon Unibertsitateko eraikinaren aparkalekuan. Unibertsitateak gaitzespen eta arbuio irmoena adierazi du komunikatu baten bitartez, eta erabateko babesa azaldu dio erasoa jasan duen eta bere hezkuntza komunitatekoa den emakumeari, beharrekoak dituen baliabide guztiak eskura jartzearekin batera.
Emakumeak gertatutakoa salatu zuen Ertzaintzan eta unibertsitateak jardunaren jarraipena egingo duela jakinarazi du. Aldi berean, ostiralekoa, emakumeen duintasunaren eta osotasun fisiko zein moralaren aurkako egiturazko indarkeria dela zehazten du unibertsitatearen adierazpenak eta benetako berdintasuna bultzatzeko konpromisoa berresten du MUk. Unibertsitateak deituta eguerdian egin den elkarretaratzera batu dira Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntzako sailburu Juan Ignacio Perez Iglesias, MUko errektore Bixente Atxa, Enpresagintzako dekano Lander Beloki, udal ordezkariak, ikasle, irakasle eta herritarrak. Atzo arratsaldean beste elkarretaratze bat egin zen plazan, Bargastak taldeak deituta.
Udalak, bere aldetik, halako egoeretarako protokoloa aktibatu du eta adierazpen idatzia zabaldu du, biktimari babes osoa helarazi eta gertatutakoaren aurrean gaitzespen irmoa azalduz. Era berean, erasoa jasan duen emakumearen erreparaziorako bitarteko espezializatuak jartzeko konpromisoa hartu du. Indarkeriarik gabeko bizitza askea aldarrikatu ez ezik, hori posible egiteko berdintasun politika publiko feministak bultzatzen jarraituko dutela dio udal adierazpenak, Mondragon Unibertsitateak deitutako elkarretaratzearekin bat egitearekin batera.
Bitartean, Ertzaintzak ostiraleko bortxaketa ahalegina ikertzen jarraitzen du; inguruko eraikin eta enpresetako kameren grabazioak eskatu dira, erasotzailea identifikatu eta atxilotu ahal izateko.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!