Elkarretaratzea deitu du Sare Feministak, epaitzen ari diren eraso matxistaren biktimari elkartasuna azaltzeko
2020ko urri hasieran Oñatiko etxe batean gertatutako bortxaketa epaitzen hasi dira astean Donostiako auzitegian. Bortxaketen eta sexu erasoen aurrean publikoki ardurak hartzea guztion betebeharra dela uste du Sare Feministak, eta horretarako deitu da domekako elkarretaratzea, horretarako eta, nagusiki, biktimari elkartasun adierazteko; elkartasuna, eraso bortitzaz gain prozesu judizial luze batean egoteak esfortzu eta barne indarra eskatzen duelako. Bide batez, elkartasuna eta babes osoa eman nahi zaie antzerako egoeretan egon daitezkeen beste emakumeei, denon artean indarrak batu eta autodefentsarako deia eginez. Guk sinisten dizugu! esaldiaz amaitzen da elkarretaratze deiarekin Oñatiko Sare Feministak zabaldu duen mezua. Elkarretaratzea plazan egingo da, igandean, 13:00etan.
Udalak ere adierazpen instituzionala argitaratu du gaur, epaitzen ari diren sexu-erasoaren harira. Salatzaileari eta bere ingurukoei babes osoa eskaintzen die Udalak eta sexu-indarkeria eta indarkeria matxista mota oro desagerrarazteko duen konpromisoa berresten du. Era berean, indarkeria matxistaren prebentzio, arreta eta erreparaziorako bideak urratzen jarraitzeko asmo irmoa adierazten du Udalak, epaitzen ari den kasu hau ez delako kasu isolatu bat. Ildo horretan, errotik ezabatu beharreko egiturazko indarkeria dela eta bide horretan lanean jarraituko dutela aipatzen du Udalaren adierazpen-idatziak. Hala, eragile feministek iganderako deitu duten agerraldiaekin bat egiteko deia zabaldu da Udaletik. 2018an martxan jarri zen indarkeria matxistaren biktima diren emakumeen arreta koordinatzeko protokoloari eta halako egoeren aurrean Udalak eskaintzen dituen aholkularitza eta bidelaguntzari erreferentzia egiten zaio baita ere eguerdian zabaldu den adierazpen instituzionalean.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!