Elkar Heziko ikasleek VIII. Filosofia Olinpiada irabazi dute bideogintza kategorian
Gazteen pentsamendu kritikoa eta hausnarketa gaitasuna saritu ditu Eusko Jaurlaritzak VIII. Filosofia Olinpiadan, eta Elkar Hezi ikastetxeko Batxilergoko 1eko ikasleek protagonismo berezia izan dute aurten ere. Ikastetxeko hiru talde aritu dira Gasteizen jokatu den finalean eta batek lehen saria eskuratu du bideogintza kategorian.
Eromena. On Kixote gaurko munduan gaiaren inguruan osatu da aurtengo Filosofia Olinpiada. 40 ikastetxetako DBH eta Batxilergoko ikasleek osatutako 519 filosofia-lan aurkeztu dira eta 28 ikastetxetako 74 ikasle iritsi dira finalera. Lanak, eta sariak, sei modalitatetan biltzen dira: iruzkina, dilema morala, bideo sormena, argazkilaritza filosofikoa, marrazketa filosofikoa eta nazioarteko disertazioa. Elkar Heziko Batxilergo 1eko Rosak, Noemik eta Paulak egindako lanak bideogintzako kategoriako lehen saria irabazi du eta Ciudad Realen jokatuko den Estatuko Filosofia Olinpiadan parte hartuko dute, apirilaren 17an eta 18an.
Ez da lehen aldia Elkar Heziko ikasleek Filosofia Olinpiadetan parte hartu eta saria lortzen dutela, lehenago ere sarituak izan dira, modalitate ezberdinetan.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!