Elkar Hezi eta Txantxiku ikastolan Kubara bidaltzeko materiala biltzen hasi dira gaur
Euskal Herriko Kontseilu Sozialista eta Ikasle Antolakunde Sozialistako Oñatiko kideak ari dira herriko material bilketa antolatu eta koordinatzen. Ku-bara bidaliko den materiala batzeko herriko dendetara ez ezik, ikastetxeetara ere jo da eta Elkar Hezi ikastetxeko eta Txantxiku ikastolako sarreretan produktuak uzteko lekuak prestatu dira. Gaur hasi eta ostiralera arte izango da, eskola ordutan, materiala ikastetxeetan uzteko aukera. Gogoratu, eskola eta kirol materiala, norberaren higienerako zein garbitzeko produktuak, material sanitarioa eta elikagai ez galkorrak nahiz elikadura osagarriak batuko direla. Azken hauek bereziki herriko dendetan utzi ahal izango dira larunbat goizean.
Arantzazuko Ama kaleko Eroskin, Olakuako BMn eta kale Barriako San Migel Kooperatiban jarriko dira elikagaiak eta elikadura osagarriak uzteko kaxak. Era berean, herriko botikariekin berba egin asmo dute, hauetan ere, material sanitarioa uzteko aukera izan dadin. Gogoratu, 2027ko ekainetik aurrera iraungiko diren medikamenduak eta mota guztietako osasun produktuak jasoko dira, baita kirurgiakoak ere: pintzak, bisturiak, haria, eskularruak edota preserbatiboak ere. Janari dendetan, berriz, pasta, lekaleak, esne-hautsa, fruitu lehorrak, olioa eta tomate brikak, konpresak, tanpoiak, toallatxoak, haur eta helduentzako pixoihalak eta eraikinen garbitasunerako, erratzak, trapuak, espartzuak, zorua garbitzekoa edota biberoiak garbitzekoak, besteak beste. Batutako guztia Bizkaira eramango da asteburuan bertan, Euskadi-Kuba elkartearen bitartez Kubara bidaltzeko.
Ameriketako Estatu Batuen blokeo politikak Kubako herritarrak muturreko egoerara eraman dituela salatu dute EHKSk IASk eta Euskadi-Kuba elkarteak eta egoera hori arindu nahian Karibeko irlara bidaltzeko oinarrizko produktuen bilketari ekin diote, baita Oñatin ere.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!