Oñatiko udala

Elkar begirunezko estatus berri batera jauzi egin behar dela aldarrikatu zen Debagoieneko Alderdi Egunean, atzo

2025/06/16
Card image cap
"Gure herriaren etorkizuna bermatuko duten estatu egiturak lortu arte lanean jarraituko dutela" esan zuen Maria Eugenia Arrizabalagak

  Debagoieneko jeltzaleen topagune bihurtu zen atzo Oñati, eskualdeko Alderdi Egunean. Plazako kiosko atzealdean egin zen ekitaldi politikoan, Maria Eugenia Arrizabalaga Gipuzko Buru Batzarreko presidenteak berba egin zuen, besteak beste, eta Eusko Alderdi Jeltzalearen ibilbidea goraipatu zuen, erabaki estrategikoetan asmatu dutela aipatuz. Horren harira, esan zuen EAJren borroka bide politiko eta demokratikoen aldekoa izan dela beti; beste batzuk bestelako borrokatan ibili izan diren bitartean, proiektu eta asmo guztien kontra borrokan, gure erakunde propioen deslegitimazioan.

  Orainari dagokionez, estrategia populistak salatu zituen eta etekin politikoa lortze aldera dena beltzez margotzen saiatzen direla gaineratu zuen. Politika egiteko modu horren aurrean, errealitatea ondo ezagutzearen alde agertu zen, iluntasunak ere oso kontutan hartuz, baina distortsio interesaturik gabe. Ildo horretatik, datu zehatzak eman zituen Arrizabalagak: Nazio Batuen metodologiaren arabera, Euskadi 12. postuan dago giza garapenaren mailan; Gipuzkoako langabezia % 6,5 inguruan kokatu zen, iaz, Euroeskualdearen bataz bestekotik 2 puntu beherago; eta GINI indizearen arabera, Gipuzkoa da desberdintasun sozial txikiena duen lurraldea Europako herrialdeekin alderatuta (Eslovakiarekin batera, eta hark baina errenta askoz handiagoarekin). Hori guztia EAJren lidergoaren eraginez lortu dela azpimarratu zuen GBBko buruak. Hala ere, aurre egin beharreko arazo eta errokak badirela aipatu zuen, etxebizitza edo osasuna, esaterako. Eta zehaztu zuen, PNVrentzat, lehentasuna dute osasunak, hezkuntzak, gizarte babesak, garraio publikoak eta etxebizitzak.

  Etorkizunari begira, azkenik esan zuen gure nazioaren eraikuntza sozial eta nazionalean sinesten dugu; eta eraikuntza horretan jarraituko dugu erabat gurea izango den erakunde-sistema bat lortu arte. Eta paradigma aldaketa aldarrikatu zuen Espainia barruan akordioak lortzetik Espainiarekin akordioak lortzera pasatzeko.

  Antzuolan elkartu eta hiru urtera egin zen Debagoieneko 2. Alderdi Eguna, atzo, Oñatin. Eskualdeko hainbat jeltzalek bat egin zuten, ospakizuna eta politika eskutik etorri zen egitaraua beteaz.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!