Ekintzaileentzat prestakuntza tailer ziklo berria antolatu du Mankomunitateko Garapen Agentziak
Debagoienean jarduera ekonomiko bat abian jartzeko asmoa duten pertsonei zuzenduta Ekin Debagoienean prestakuntza tailerrak antolatu ditu Mankomunitateko Garapen Agentziak. Negozioa martxan jarri aurretik kontutan hartu behar direnak landuko dira bereziki, ekiteko dauden laguntzez, produktuen prezioak, irabazi marjinak eta bestelakoak kalkulatzeko argibideak, negozio bat muntatzeko dauden aukera juridikoak edota Gizarte Segurantzaren funtzionamendua, Autonomoen erregimena eta Ogasunaren aurrean egin beharreko tramiteen ingurukoak azalduko dira, besteak beste.
Bost tailer antolatu dira guztira, apirilaren 20tik 24ra. Lehen egunean, hasi baino lehen negozio ideiaren azterketaren ingurukoak eta negozioa abiatu ahal izateko dauden dirulaguntzak jorratuko dira; Bigarrenean, oinarrizko kudeaketa landuko da; hirugarrenean, abian jartzerakoan kontutan hartu beharrekoez arituko dira; laugarrenean, komunikazioaz eta bosgarrenean, fakturabai aplikazioa azalduko da. Lehen lau egunetan saioak 9:30etatik 13:30etara izango dira eta azkena, laburragoa, 12:30ak arte. Ostiraleko azken saio horretarako ordenagailua eramatea beharrezkoa izango da.
Tailerrak Arrasaten, Mankomunitatearen egoitzan emango dira, doan. Plazak mugatuak direnez, izena aurrez ematea eskatzen da. Muga, behetik zein goitik zehaztu da eta gutxieneko taldea batu beharko da tailerra aurrera eramateko. Eskaintzen diren bost tailerrak edo banaka egiteko aukera dago. Informaziorako Debagoieneko Mankomunitateko telefonora deitu daiteke: 943 793 090 zenbakira. Ekin Debagoiena prestakuntza tailerretan parte hartzeko izen-ematea mankomunitatearen web atarian sartuta egin behar da (www.debagoiena.eus).
Ekin Debagoienean prestakuntza tailerrak tarteka antolatu ohi ditu Mankomunitateak, orain hurrengoa iazko azaroan egin zen.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!