Oñatiko udala

Ekintzaile autonomo eta mikroenpresei zuzendutako prestakuntza ikastaroa, kale garbiketa zerbitzurako kamioi zisterna eskuratzea eta uda kanpaina 2017ko memoria eta aurrekontuaren likidazioa aztergai gaurko tokiko gobernu batzarrean

2017/09/14
Card image cap

  Lan zerrendan 81 gai jaso dira. Gai ugari bai gaurko bilerarako zerrendatu direnak baina asko, partikularren lan baimen eskaerak dira, ohikoa denez. Neguko egun gogorrak etorri aurretik eraikinak termikoki isolatzeko edota teilatuak konpondu eta zaharberritzeko lanak egiten dira eta halako askotarako baimen eskaerak jaso dira udaleko hirigintza zerbitzuetan. Eskaera horiei erantzutea izango da udal gobernu taldea osatzen dutenen zeregin nagusienetako bat gaurko bileran.

  Udalak berak ere hainbat lan martxan ditu eta horien inguruko proposamenak aurkeztuko dira arratsaldean: Eltziako dantzarako aretoan ispiluak jartzeko, sarrera nagusian moketa jartzeko, tabernan barrako frisoa eta barra gaina jartzeko eta taberna bera altzariz hornitzeko aurrekontuak aurkeztuko dira. Bide batez, eta Eltzian jarraituz, ate elektronikoen giltza sorta eskuratzeko aurrekontua ere azalduko da.

  Udalak orain urtebete berreskuratu zuen kale garbiketa zerbitzua hornituz joan da poliki-poliki eta gaur, kamioi- zisterna bat eskuratzearen gaia aztertuko da. Uda amaitzear dagoen honetan bestalde, kiroldegiko  uda kanpaina nola joan den azalduko zaie gobernu taldeko kideei. Horretarako memoria osatu da jada eta aurrekontua likidatzea proposatuko da.
Ekintzaile autonomo eta mikroenpresei zuzendutako prestakuntza ikastaroak antolatzen dihardu udalak, ikastaro horiek emango lituzken enpresaren aurrekontua ere aurkeztuko da gaurko bileran. Berdintasuna batzordearen eskutik bestalde, Beldur barik kanpainaz eta azaroaren 25erako kanpainaz xehetasunak emango dira. Ikastetxeetan genero indarkeriaren prebentziorako kanpaina bat ere egin asmo da eta horri aurre egiteko finantzabidea azalduko da arratsaldeko bileran.

 81 gai jaso dira eta asko tramitezkoak baina aste honetako tokiko gobernu batzarrak luze joko du seguruenez. 

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!