Ekintza sorta antolatu da Arantzazun, Bitoriano Gandiagaren heriotzaren 25. urteurrenaren harira

Datorren otsailean beteko dira 25 urte Bitoriano Gandiaga frantziskotarra eta poeta hil zela. Horren harira, hitzaldia eta musika emanaldia antolatu dira datozen asteetarako. Paulo Agirrebaltzategik hitzaldia emango du larunbatean Gandiagaren testuetan oinarrituz eta hainbat olerki irakurriz. Gandiaga Arantzazu berriaren interprete poetiko nagusitzat hartuta osatuko da Gandiagaren Arantzazu izeneko hitzaldia. Arantzazuko Asis topagunean izango da, 10:30etan hasita. Hitzaldiaren amaieran Arantzazuko artxiboan egiten ari diren lanaren erakusleiho izango den plataforma digitala aurkeztuko da. Hemen ere Gandiaga bitarteko izango da, bere funtsaren inguruan aurkitutakoak erakutsiko duen atalarekin zabalduko baita aipatu plataforma. Gandiagaren jaiotza-agiria, argitaratu gabeko olerkiak, Elorriko lorak orrialde sortari Joxe Azurmendik eskuz egindako zuzenketak edota hil aurretik Oteizari idatzi zion agurreko gutuna ikusgai jarriko dira, besteak beste.
Azaroaren 8an Gontzal Mendibilen musika emanaldia izango da Arantzazuko kriptan. Bitoriano Gandiagaren olerki asko musikatu ditu Gontzal Mendibilek; ez da, ordea, horretan aritu den bakarra. Azaroko emanaldian bere eta beste musikari batzuen abestiak eskainiko ditu, Gandiagaren bizitzaren hainbat pasarte kontatuko dituen solasaldi antzeztu moldeko ikuskizuna osatuz.
Bestalde, 2026ko Arantzazuko egutegia argitaratu da jada eta hilabete bakoitzeko orrian Gandiagaren olerki bat irakurri daiteke.
Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!