Oñatiko udala

Ekainaren 9ko Europako parlamenturako hauteskunde kanpaina gauerdian hasiko da

2024/05/23
Card image cap
33 hautagaitza argitaratu dira

  Hauteskunde kanpaina hasi aurretik kartelak itsasteko panelak jarri dira, ohiko lekuetan. Guztira 40 panel jarri dira, Kultur etxeko lorategiko burdinsarean, Bidaurretako fraideen ortuko burdinsarean, Portu kalean Galartza etxeko burdinsarean eta Lazarraga kaleko Garai finkako lorategiko burdinsarean.

  33 hautagaitza dira Europar parlamenturako hauteskundeetarako estatuan onartu eta argitaratu direnak. Beste hauteskunde deialdi batzuetan baino gehiago dira baina asko estatuko autonomia erkidego jakin bati lotuak edo ordezkaritza murritzekoak. Europar parlamentua bera urrineko erakunde moduan ikusten dute askok oraindik eta oihartzun txikien duten hauteskundeak izan ohi dira gurean, propagandari dagokionean.

  Kartelak jartzeko leku jakinak prestatzen diren bezala, kanpaina ekitaldietarako guneak ere zehaztu dira: Kultur etxeko bilera gela eta zine aretoa, Santa Ana antzokia, Udaletxeko areto nagusia, Foruen enparantza eta Zubikoako eta plazako pilotalekuak dira kanpaina ekitaldietarako lekuak. Horiek erabiltzeko baimena denboraz eskatu beharko dute alderdiek.

  Ekainaren 9an Oñatin irekiko diren 15 hauteskunde mahaitan 8.805 lagunek izango dute botoa emateko eskubidea, Estatitstiken Institutu Nazionaleko datuen arabera. 8.789 estatuan jaio eta Oñatin erroldatutakoak dira, beste 16 berriz, Europar Batasuneko beste herrialderen batetan jaio eta Oñatin bizi direlarik bertan bozkatzeko eskaera egin dutenak. Egunean bertan botoa zuzenean eman ezin duenak, posta bidezko bozka eskatu dezake edozein Postetxetan. Eskaera egiteko azken eguna maiatzaren 30a da.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!