Oñatiko udala

Ebakuaziorako arrapala egokituko da Pake Lekuko terrazan

2026/05/28
Card image cap
Segurtasuna hobetzeko lanak egiten ari da Udala

  Pake leku elkarteko instalazioak berritu eta indarrean dauden araudi ezberdinetara egokitzeko prozesuan daude. Lanak faseka egiten ari dira eta burutu beharrekoen zerrendan segurtasuna lehenetsi da. Hala, eraikineko ebakuazioa bermatzeko lanetan dihardu Udalak. Aurreko hilabeteetan areto nagusiko eta sotoko irteerak aldatu ziren eta segurtasun beirak jarri ziren, hurrengo lana terrazan egokituko den ebakuaziorako arrapala izango da. Eraikina husteko beste ebakuazio bide bat prestatzea da esleitu berri diren lan hauen helburua.

  Pake Lekuko tabernak duen terrazan egokituko den ebakuazio arrapala egiteko aurrekontua hiru enpresari eskatu zitzaizkien eta proposamen merkeena egin duena lehenetsi da. Lanak Ugarte eraikuntza enpresak egingo ditu 35.497 eurotan. Datarik ez da finkatu oraindik baina sei hilabeteko epean egin beharko dira, kontratu baldintzetan zehaztu denez. Arrapala egokitzeko lanek ez dute tabernaren jarduera mugatuko, zerbitzua zabalik mantenduko da eta terrazaren zati bat soilik itxiko da, obrak egin bitartean.

  Udalak 80.000 euroko diru poltsa du Pake Lekuko eraikina indarrean dauden segurtasun arau eta legedietara egokitzeko eta horretarako lanak zatika faseka egiten ari dira. Terrazako arrapala egin ondoren elektrizitate eta aireztapen instalazioak egokitzeko lanak burutuko dira.

  Pake Leku elkarteak 1.200 bazkide baino gehiago ditu egun, eta asko adinekoak eta mugikortasun mugatua duten pertsonak dira. San Juan kaleko 2-4 zenbakidun eraikina herriko jubilatuentzat topagune da eta ekintza ezberdinak egiten dira: ikastaroak, hitzaldiak, bingoa, dantzaldiak eta entseguak, besteak beste. Tabernaren erabilera ere handia da eta ez jubilatuen aldetik bakarrik, bestelako herritarrak ere joaten direlako zerbait edan edota jatera. 2000. hamarkadan eraikinean azken lan nagusiak egin zirenetik, halako eraikin eta zerbitzuei eragiten dieten arau eta legeak berrituz joan dira eta horietara egokitzeko proiektua eskatu zion Udalak Ainhoa Negeruela arkitektoari. Proiektuan aurreikusitako lanak faseka burutzen ari da Udala.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!