Ekainaren 24an egingo da San Martingo babes ofizialeko 6 etxebizitzen zozketa.

2013/06/05
Gaur bertan ikusgai jarri dira zozketarako onartuen behin behineko zerrendak. Alegazioetarako 15 eguneko epea dago.

  Zehaztu da San Martin auzoko 6. zenbakian esleitzeko zeuden  babes ofizialeko sei etxebizitzen zozketa eguna, ekainaren 24an egingo da, arratsaldeko 7etan eta Udaletxeko Osoko Bilkuren aretoan.

  Ordurako, aurkeztu daitezkeen alegazio eta zuzenketa eskaerak aztertuko dira eta zozketarako behin betiko zerrendak osatuko dira.

  Oraingoz, probisionalak diren onartuen zerrenda horiek, udaletxeko iragarki taulan eta Santa Ana aretoko atean jarri dira ikusgai. Udaleko web orrian ere eskegi dira.

  ETXEBIDEk bidalitako informazioa oinarri hartuta osatu diren behin-behineko zerrenda horietan, 68 lagunen izenak jaso dira. Oñatin, 2011ko ekainaren 5a baino lehenagotik etengabe erroldatuta egon eta aldi berean, babes ofizialeko etxebizitza bat eskuratzeko eskubidea ematen duten gutxieneko eta gehienezko diru sarrera mugen barruan dauden eskatzaileak dira. Horretarako, 2011ko errenta aitorpena aintzakotzat hartu delarik.
Baldintza horiek beteta zozketarako onartuen behin-behineko zerrendak ikusgai jarri dira esan bezala. Akatsen bat ikusten duenak edota, zerrendan egonik ere zozketan parte hartu nahi ez duenak, zuzenketa edo zerrendatik kentzea eskatu dezake datozen 15 egun lan-egunetan. Alegazioetarako epea, zozketa egin baino aurreko zapatuan amaituko da justu.

  Ekainaren 24an zozkatuko diren San Martin auzoko babes ofizialeko 6 etxebizitza hauek 3 logelakoak dira. Bost, beheko solairuan dauden eta seigarrena, berriz, lehenengoan.

  Gogoratu, udalak, hasiera batetan etxebizitza tutelatuak izan zitezen erreserbatuta zeuzkan etxebizitzak direla baina hartarako propio gertatutako etxe bloke berezi baten egitasmoa lantzen ari denez, eraikin berean dauden gainontzeko etxeen antzera saldu egingo direla.

Iturria: Oñati irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!