Oñatiko udala

Ehun lagun inguru bildu zen atzo plazan kolonbiar herriari elkartasuna adieraztera

2021/05/07
Card image cap
Gobernuaren erreforma fiskalaren kontrako protesten harira nagusitu den polizia errepresioa salatu zuten

  Oñatitik informazioa zabaldu eta Nahikoa da! soilik esan dezaketela aitortuz amaitzen da atzo plazan irakurri zen idatzia.  Kolonbiar herriari elkartasuna adierazteko egin zen elkarretaratzean Oñatin bizi diren kolonbiarrek eta oñatiarrek bat egin zuten. Kolonbian egun bizi den errepresioaz kezka azaldu zuten guztiek.

  Gobernuak iragarritako zerga erreformak eragin du egun Kolonbian bizi den protesta eta polizia errepresio giroa. Erreforma honek besteak beste, oinarrizko produktuen eta zerbitzu publikoen BEZ zerga jasotzea aurreikusten zuen. Horrek, jada gogorra den egoera okertuko du, barne produktu gordina % 7 jausi baitzen iaz Kolonbian, langabeziak % 16 egin zuen gora eta bertako txanponaren balioa kasik erdira jaitsi baitzen. Gainera, Covid-ak herritarren osasuna asko kaltetu du, infektatu gehien duen Latinoamerikako hirugarren herrialdea bihurtuz.

  Apirilaren 28ko greba orokorretik eten ez den protestak hamar egun bete ditu Kolonbian eta herritarrek kalean jarraitzen dute. Gobernuaren politika ekonomiko eta sozialak aldatzeko eskaerei gainera, beste aldarri bat gehitu zaie: biolentzia gehiago ez!. Horixe aldarrikatu zen atzo ere Oñatin ehunen bat lagun batu zituen elkarretaratzean. Moto eta autoetatik tiroka ikusten diren polizien irudiak ohiko bihurtu dira eta hildakoak eta zaurituak geroz eta gehiago dira. Atzoko elkarretaratzean 21 hildako izan direla esan zen baina gaurko BERRIA egunkarian 37ko kopurua argitaratu da Temblores GKE iturri gisa aipatuz.    

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!