Oñatiko udala

EHUk antolatutako Kristalizazio Lehiaketa irabazi du Oñati institutuko ikasle talde batek

2025/05/28
Card image cap
Urbia eta Aizkorriko inguru karstikoaren maketaren bidez exokarst-a erakutsi dute

  EHUko Zientzi eta Teknologiako Fakultateak antolatzen du Kristalizazio lehiaketa, DBH eta Batxilergoko ikasleentzat. Kristalen edertasuna eta erakargarritasuna probestuz ikasleak jarduera zientifikoarekin harremanetan jartzea da lehiaketaren helburua. Aurten 9. aldia bete da eta Oñati institutuko Batxilergo 1-eko zientzia arloko ikasleek irabazi dute. 

  Erkidegoko 24 ikastetxek parte hartu dute, 800 ikasle baino gehiagok eta ostiralean jokatu zen finalera 18 ikastetxe eta 190 ikasle joan ziren. Oñatiarrek, Urbia eta Aizkorri inguruko maketa bat eraman zuten eta horren bidez, exokarst-a eta sortzen diren kristalen sistema azaldu zuten. Panelak ere eraman zituzten inguru karstikoaren azalpenekin. Egindako lana ahoz ere agertu zieten epai-mahaiko kideei. Lan bikaina egin zuten eta hala aitortu zitzaien lehen saria emanez. 

  Batxilergo 1-eko geologia gaiko ikasleak dira proiektua garatu dutenak baina biologiakoen eta institutuko beste ikaskide batzuen laguntza izan dute. Inguru karstikoa ezagutu eta kristalizazioa zelan gertatzen den ikasteko irteerak egin dituzte eta naturan ikusitakoa bere lanean islatu dute.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!