Eguneko arretarako udal zerbitzuaren araudiari hasierako onespena eman dio udalbatzak

Aho batez eta hasierako izaeraz onartu zuen udalbatzak eguneko arretarako udal zerbitzua arautzeko araudia, azken Osoko Bilkuran. Arautegia jendaurrean egongo da orain, 30 eguneko epean, aztertu eta erreklamazioak edo iradokizunak aurkeztu ahal izateko.
Arautegiak zerbitzuaren xede eta aplikazio eremua, helburuak, prestazio eta ezaugarriak, finantzazioa, erabiltzaileek bete beharreko baldintzak, eskubideak, betebehar eta ekarpen ekonomikoak, nahiz sartzeko prozedura eta zerbitzuaren jarraipena zehazten du. Baita zerbitzuaren etete edo iraungitzerako arrazoiak ere. Dokumentua udalaren webgunean argitaratu eta ikusgai jarriko da.
Udalak eguneko arretarako zerbitzua uda ostean martxan jarri nahi du, bi lekutan egokituta, herriko bi jubilatuen elkarteen eraikinetan eskainita, Pake Lekun, San Juan kalean, eta Lagun Lekun, Eltzian. Horrek, sinergiak batu eta jubilatuen elkarteetako eta eguneko arreta zerbitzuko erabiltzaileen arteko harremanak sendotuko dituela uste baita.
Eguneko arreta udal zerbitzu 65 urtetik gorako herritarrei zuzenduko da, autonomiari eusten bere ohiko ingurunean mantendu eta gizarteratzen laguntzeko zerbitzua izango da eta balizko isolamendu egoerak konpentsatzeko zerbitzua ere bai. Hala zehaztu da eguneko arreta zerbitzuaren helburuetan: adinekoen autonomia pertsonala indartu; narriadura eta menpekotasun egoerak atzeratu; norberaren gaitasun pertsonalak landu eta bakardade egoerak gainditu eta harremanak, sozializazioa, estimulatzea, besteak beste.
Helburu horiek osasun fisikoa eta kognitiboa lantzeko ariketak egiten, gizarte harremanak zainduz eta eguneroko bizimodua antolatzeko nahiz ongizate emozionala hobetzeko aholkuen bidez landuko dira. Eguneko arreta zerbitzu berrian taldeko jarduerak eta banakako jarraipena egingo da, gizarte eta hezkuntza arloko nahiz arlo psikosozialeko esku hartzea eskainiko da eta baita bide laguntza ere.
Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!