Eguneko arreta udal zerbitzua uda ostean jarriko da martxan
Eguneko arreta udal zerbitzu berria izango dena zehazten ari dira udal arduradunak. Zerbitzua 65 urtetik gorako herritarrei zuzenduko da, autonomiari eusten bere ohiko ingurunean mantendu eta gizarteratzen laguntzeko zerbitzua izango da eta balizko isolamendu egoerak konpentsatzeko zerbitzua ere bai. Hala zehaztu da eguneko arreta zerbitzuaren helburuetan: adinekoen autonomia pertsonala indartu; narriadura eta menpekotasun egoerak atzeratu; norberaren gaitasun pertsonalak landu eta bakardade egoerak gainditu eta harremanak, sozializazioa, estimulatzea, besteak beste.
Helburu horiek osasun fisikoa eta kognitiboa lantzeko ariketak egiten, gizarte harremanak zainduz eta eguneroko bizimodua antolatzeko nahiz ongizate emozionala hobetzeko aholkuen bidez landuko dira. Eguneko arreta zerbitzu berrian taldeko jarduerak eta banakako jarraipena egingo da, gizarte eta hezkuntza arloko nahiz arlo psikosozialeko esku hartzea eskainiko da eta baita bide laguntza ere.
Zerbitzua herriko bi jubilatuen elkarteen eraikinetan eskaini asmo da, Pake Lekun, San Juan kalean, eta Lagun Lekun, Eltzian. Zerbitzua komunitatean txertatzea egokia dela uste du Susana Altuna Ongizate zerbitzuetako zinegotziak. Horrek, sinergiak batu eta jubilatuen elkarteetako eta eguneko arreta zerbitzuko erabiltzaileen arteko harremanak sendotuko dituela uste du. Garrantzitsutzat jo du gainera zerbitzua herriko ezaugarri, ohitura eta beharrei egokitzea. Horregatik, uda ostean abian jarri asmo den eguneko arreta zerbitzu berria, moldaketetara irekita egongo dela azpimarratu du Altunak.
Astean bizpahiru egunetan eskainiko da zerbitzua, astelehenetik ostiralera. Baina egutegia eta ordutegia ere moldatu ahal izango da, erabiltzaileen eskaera eta beharren arabera.
Gizarte zerbitzuetako euskal sistemak administrazio bakoitzaren eskumenak zehazten ditu eta horren arabera udalei dagokie adinekoentzako eguneko arreta zerbitzuak eskaintzea.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!