Oñatiko udala

Egonaldi turistikoen gaineko zerga arautzen duen ordenantza fiskala onartu du Udalak

2026/09/18
Card image cap
Urtarrilaren 1etik aurrera sartuko da indarrean

  Ekainaren 12ko Foru Araua oinarri hartuta, Oñatin establezimendu turistiko mota guztiei gutxieneko tasa eta erabilera turistikoko etxebizitzei gehienezkoa aplikatzea erabaki du Udalak eta hala jasoko da 2027ko Udal Ordenantza Fiskaletan. Turismo tasa berria urtarrilaren 1etik aurrera kobratzen hasiko baita udalerriko establezimendu turistikoetan. Aipatu Ekainaren 12ko Foru Arauaren arabera Gipuzkoako udalerriak derrigortuta daude beraien muga barruan dauden establezimendu turistikoetan egiten diren egonaldien gaineko zerga arautzera. Eta hala egin da gurean, uztaileko Osoko Bilkuran aho batez onartuta.

  Establezimendu turistikoak kategoriaren arabera banatu dira eta bakoitzari dagokion tasa jarri zaio; herriko hoteletan, pentsioetan, apartamentu turistikoetan, kanpin, nekazal turismo eta landetxetan edo aterpetxeetan ostatu hartzen dutenek 4,5 eta 0,75 euro arteko zerga ordaindu beharko dute eguneko. Erabilera turistikoko etxebizitzetan ostatu hartzen dutenek, berriz, izan etxea osorik edota logelaka alokatuta, 6,50 euro ordaindu beharko dute eguneko. Zerga hau egonaldiaren lehen sei egunei aplikatuko zaie soilik. Udalak onartu duen ordenantza fiskalak hainbat salbuespen zehazten ditu, hara nola, gizarte programa ezberdinek diruz lagundutako egonaldiak, hezkuntza sistemaren barrukoak edota ezinbesteko kausek eragindako egonaldiak, hondamen naturalek eragindakoak kasu, besteak beste.

  Aipatu turismo zerga establezimenduek kobratuko dute eta likidazioa hiru hilean behin egin beharko dute udalarekin. Baina hori nola egin zehaztu eta jakinaraziko diete udal arduradunek, aipatu zerga datorren urtetik aurrera aplikatuko baita. Oñatin, 6 hotel, 3 nekazal turismo edo landetxe, aterpetxe bat, Araotzeko apartamentu turistikoak eta erabilera turistikoko sei etxebizitza daude une honetan, Eusko Jaurlaritzako Turismo sailaren erregistroaren arabera. Horietan guztietan kobratuko da egonaldi turistikoen gaineko zerga berria 2027ko urtarrilaren 1etik aurrera.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!