"Egin tratua euskaraz" zozketarako lehen argazkiak iristen hasi dira

2021/12/01
Card image cap
Irudiak bidaltzeko epea abenduaren 10ean itxiko da eta zozketa 13an egingo da

  Herritarrak eta establezimenduetako arduradunak dagoeneko hasi dira argazkiak bidaltzen Egin tratua euskaraz zozketan parte hartzeko. Argazkiak whatsapp bidez bidali behar dira honako telefono zenbakira: 688 621 142. Abenduaren 10a izango da argazkiak bidaltzeko azken eguna eta abenduaren 13an egingo da zozketa.

  Betikoa, gertukoa. Eskatu euskaraz, eskaini euskaraz merkataritzan euskara sustatzeko kanpainarekin bat egin du Udalak. Kanpainaren helburua da kontsumitzaileen eta establezimenduetako saltzaileen arteko harremanetan euskara gehiago erabiltzea, erosketaren unean euskara erabiltzera animatuz. Oñatin, ordea, berezitasun bat du kanpainak. Herriko establezimenduetan lehen hitza euskaraz egiteaz gain, salerosketa osoa euskaraz egitea sarituko da, 100 euroko balioa duten sei sari zozkatuz.

  Gogoratu nola parte hartu: lehenik, herriko merkataritza edo ostalaritzako establezimenduren batean salerosketa euskaraz egin eta bezeroa eta saltzailea agertzen diren argazki bat atera behar da. Kanpainako esku-orriarekin edo kartelarekin eginez gero, gainera, argazkiak balio bikoitza izango du zozketan. Ateratako argazkia whatappez bidali behar da, establezimenduaren eta protagonista baten izena jarrita eta itxaron abenduaren 13an egingo den zozketara. Sei argazki sarituko dira, eta irudiko protagonistek 100 euroko balioa duen produktu-sorta jasoko dute.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!