EAJk Olaitturriko gunea proposatu du Musika Eskola berria egiteko

2022/10/13
Card image cap
Abian den prozesua errespetatu gabe arduragabekeriaz aritzea leporatu die jeltzaleei gobernu taldeak

  Astearte eguerdian prentsaurrekoa eman zuen EAJren udal taldeak Olaitturri ondoan, Musika Eskola berria bertan eraikitzea proposatzen dutela jakinarazteko. Gobernu taldeak behin betiko kokapenik jakinarazi ez badu ere, San Martin ingurua lehenesten ari direneko ustea dutela esan zuen Amaia Erostarbe zinegotziak, eta gizarte eta osasun zerbitzuetako ekipaziotarako gune gisa gorde beharko litzatekeela gaineratu zuen.

  Olaitturriko jolas-guneari heren bat hartuta, Musika Eskolarako eraikin berria jasotzea proposatzen du EAJ-k. Hiru solairuko eraikina litzateke, solairuko 500 metro karratukoa, 1500 metro karratuko eraikina guztira. Laugarren solairu bat jasotzeko aukera ere aipatu zuen zinegotzi jeltzaleak. Lizaur kaleari bukaera emango liokeen eraikina litzateke eta etorkizunean, Agustinoen eraikinarekin bat eginda, musika, dantza eta arte eszenikoak elkartzeko azpiegitura multzo baten oinarria.

  Olaitturrin musika eskola berria jasotzeak HAPO eta PERCHE dokumentuetan egokitzapen batzuk egitea eskatzen duen arren, halakoak lehenago ere egin direla zehaztu zuen Amaia Erostarbek. San Martinekin alderatuta, Olaitturik alde on ugari dituen kokalekua dela azpimarratu zuen: lurzoru publikoa da, eraikin berria izaki barruko diseinua nahi eran egiteko aukera ematen du, irisgarritasun aldetik egokia da ez dagoelako errepide nagusirik gurutzatu beharrik...

  Jeltzaleen proposamenaren txostenik ez dutela jaso jakinaraziz oharra zabaldu du bestalde, udal gobernu taldeak. Ahozko azalpena eta komunikabideetan argitaratu dena besterik ez dakitela adierazi dute eta EAJk zabaldu duen informazioa arduragabekeriaren ondorio dela gaineratu dute, abian den prozesua errespetatu ez izana leporatuta.
Udal gobernuak San Martin gunea proposatzen duenik ukatzen da idatzian eta San Martin epe motzean abiarazteko proiektu aukera moduan jarri dela mahai gainean baina ez dela aukera bakarra. Gainera, epe ertain-luzera begira osatutako txostenean zortzi espazio posible zehazten direla adierazi du gobernu taldeak. Musika Eskolako langile, guraso, ikasle naiz herritarrekin hasitako hausnarketa prozesua oraindik ez dela guztiz burutu azpimarratzen da gobernu taldearen idatzian.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!