Oñatiko udala

EAJk hamar proposamen aurkeztu ditu 2026ko udal aurrekonturako

2025/12/17
Card image cap
Proposamen errealistak direla, Udalaren esku daudenak eta guztion konpromisoarekin gauzatu daitezkeenak esan du Amaia Erostarbek

  EAJren udal taldeak hamar proposamen aurkeztu dizkie gobernu taldearen aurrekontu proiektuari, alderdiaren web atarian eta sare sozialetan argitaratu duenez. Proposamenen erdiak aurreko urteetan aurkeztu baina aurrera egin ez dutenak dira, besteak berriak, neurri batean. Proposamenak herritarrekin etengabe eta elkarlanean egindako lanaren emaitza direla adierazi du Amaia Erostarbek; herritarren egunerokotasuna hobetzeko eta udalerriaren garapenean aurrera egiteko helburuz egindako proposamenak direla azpimarratu du bozeramale jeltzaleak. Proposamen errealistak, gauzagarriak eta Udalaren esku daudenak direla esan du Erostarbek. Alde horretatik, akordioa lortzeko eskua luzatu diote jeltzaleek gobernu taldeari.

  EAJk etxebizitza, argiztapen, garbitasun eta elkartasunaren aldeko hainbat proposamen egin dizkie 2026ko udal aurrekontuei: Kurtzekuan udal jabetzako lurzatian etxebizitzen proiektua abiarazi eta Kurtederian lursaila erostea, Jaurlaritzari laga eta etxebizitzak eraikitzeko erabili ditzan proposatzen da; Errementari plaza eta Auzobarriren artean eta Olabarrietako goiko bidegurutzean argiztapena hobetzea, farola gehiago jartzea; Kalegoienan komun publiko berri bat jartzea; nazioarteko garapenerako lankidetzara bideratutakoa aurrekontuaren %0,7raino jasotzea eta espazio publikoak aldizka garbitzeko programa bat ezartzea, bereziki udal ordenantzak betetzen ez diren lekuetan garbitasuna bermatzeko proposatzen da.

  Aurreko urteetan egindako beste bost proposamen ere helarazi dizkiote jeltzaleek gobernu taldeari: Herribusa San Prudentzioraino iristea, linea berria sortu eta oñatiarren konektibitatea hobetzeko helburuz; Komunikazio eta informazio publikoa hobetzeko pantaila digitalak funtsezko lekutan jartzea; Eltzia eraikinean gimnasioa sortu, kiroldegiko eskaria arintzeko; Kontzejupetik aldizkaria gaztelaniaz irakurtzeko QR sistema txertatzea eta musika eskola berrirako aukerak aztertzea.

  Udalbatza osatzen duten bi udal taldeen proposamenak zein puntutan eta nola uztartzen diren biharko Osoko Bilkuran ikusiko da, 2026ko udal aurrekontuen gaia eztabaidatuko baita.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!