Dwingi Dwingi taldeak lehenengo saria eta ikusleena irabazi zituen Oñatiko Laburmetraien Rallyan
Larunbatean jokatu zen Oñatiko laburmetraien rallyan sariak binaka eraman zituzten lehengo bi sailkatuek, esan bezala.
Ia topea jo zuen IX. rallyak, antolatzaileek 20 taldeko muga jarrita dute eta 19 taldek parte hartu baitzuten lehiaketan, nahiz eta baten lana lehiaketatik kanpo utzi zen, berandu aureztu zelako. Ikusmin handia sortu zen beste behin eta Santa Ana aretoan ez ezik, Gaztelekuan ere jende asko bildu zen laburmetraien emanaldirako.
Aurtengo gaia galduta izan zen eta objektua berriz, iltzea. Horrezaz gain, laburmetraietan agertu beharreko txokoen zerrenda eman zitzaien parte hartzaileei. Argibide guztiak, 8.00etan eman zitzaizkien taldeei eta 19.00ak arteko epea izan zuten istorioa asmatu, filmaketak egin, lanak muntatu eta entregatzeko.
Aurtengo partaideen artean Arrasateko talde bat zegoen, nahiz eta, lanetan, gehiago zirela pentsa litekeen, oñatiar asko, arrasatearren larruan jarrita Oñatin galduta zebiltzala irudikatu baitzuten filmetan. Eta horixe da hain zuzen ere Dwingi Dwingi taldearen proposmena, Oñatiko laburmetraien rallyan parte hartzera datorren arrasatear taldeak lekuak eta kontzeptuak nola nahasten dituen eta galduta nola dabilen. Hala, iltzea Eltziarekin nahasten dute eta Santa Ana aretora iristeko Arantzazutik barrena ibiltzen dira. Dwingi Dwingi taldeak umoretik jo zuen, talde gehienen antzera. Dwingi Dwingi taldeak aurkeztutako "Galduta doutzagu" lanak lehenengo saria ez ezik, ikusleen saria ere eskuratu zuen.
Bigarren saria, eta antolatzaileek aurten estrainekoz emandako sari berezia, Kalabaza Productions taldeak eskuratu zuen. Eta hirugarrena, Piktxurs taldeak jaso zuen. Emakumezko aktore onenaren saria ere bikoitza izan zen eta Inma Martin eta Jone Markuletak jaso zuten eta gizonezko onenarena, Mikel Biainek.
Eguraldia lagun, herria zine plato handi bihurtu zen larunbat goiz-eguerdi partean eta giroak jarraipena izan zuen gauean Santa Ana aretoan eta Gaztelekuan.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!