Doctor Deseo taldearen kontzertua jaietako ekitaldi nagusia, indartu nahi den Plazagunean

2016/09/20
Card image cap
Paintball-a gaztetxoentzat, "Beldur barik gunea" bi egunetan eta Artzain Txakur Txapelketa borobilduz ekitaldi osagarriak dira atzo aurkeztu ziren jaietako beste berrikuntza batzuk

  Urtean jaiotako haurrei eskainitako Atsolorra zapatura aurreratzea, Herri Bazkarian haur menua eskaintzea edota jaietako bertso jaialdia urriaren 7ra atzeratzea, lehendik ezagutzen genituen berrikuntzetako batzuk ziren baina jai egitarauaren atzoko aurkezpenean beste batzuk azaldu ziren. Hala, danborradako arratsaldean eta Herri Egun goizean, Beldur barik gunea Unibertsitate Etorbidean kokatuko da. Iaz lehen aldiz izan zen emakumeen aurkako erasoen prebentzio neurri modura eta aurten, indartzea erabaki da. Horrez gain, behaketa ere egingo da, emakumeek jaietan nola parte hartzen duten aztertu eta datozen urteetara begira, hobekuntza neurriak hartu ahal izateko. Igandean izango den Nazioarteko Artzain Txakur Txapelketaren inguruko egitaraua osatzea erabaki da: Beste txakur batzuen trebezia erakustaldia izango da, artisauak, txosna eta abar, Santa Lutziako zelaira hurbiltzen direnek goiz pasa egokia egin dezaten. Gaztetxoen Eguna San Migel Egunez ospatuko da aurten ere, eta iaz arrakasta handia izan zuen tirolina errepikatuko da eta paintball-a eta beste hainbat jolas egingo dira. Gaztetxoen Egunaren inguruan sortu den polemikari erantzunez Kultura Zinegotzi Nerea Zubiak azpimarratu zuen Udal Gobernu Taldeak ez duela Txosnagunea indartzeko interes berezirik eta jaia han ospatzea gaztetxoekin elkar lanean erabaki dela.

  San Migel Bixamon egunean, jaietako ekitaldi nagusienetakoa izango da, Doctor Deseo taldearen kontzertua. Plazagunea indartu nahi da eta halako kontzertu bereziak programatzen hasi ziren iaz. Halako emanaldi batek ordea, azpiegitura goiz muntatzea eskatzen du eta ondorioz, egun horretan izan ohi den sokamuturra, goizean egingo da.

  Herri Eguna, Errosarixo Domeka eta Bixamonean, ohiko ekitaldiekin batera, beste kontzertu eta nobedadeak  tartekatu dira. Lexuri Ormazabalen irudia irekitzen duen jai egitaraua gertu dago eta dagoeneko etxeetara banatzen dira. Laster izango duzue eskuartean.

  Atzoko aurkezpenean Atzeko kaleko lanen inguruan ere berba egin zen, noiz amaituko diren zehazterik ez dagoela adieraziz. Kontratuaren arabera, lanek, irailaren 1erako bukatuta behar zuten baina oraindik ez da hala. Danborradetako antolatzaileek ibilbide alternatibo bat gertu dute badaezpada, eta Errosarixo Bixamoneko sokamuturrerako baimena Atzeko Kalea erabilgarri izango dela pentsatuz eskatu da. Baina hala izango denik ezin da ziurtatu oraindik. Herritarrei, pazientzia eskatu zien Kultura Zinegotziak.

  Aurtengo San Migel eta Errosarixo jaixek 195.000 euroko aurrekontua dute.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!