Dirulaguntzak nagusi dira Tokiko Gobernu Batzorderako gai-zerrendan

Ekainaren 22an kaleratuko den Corpus prozesioa antolatzeko lankidetza hitzarmena egingo du Udalak Sakramentu Santuaren Anaidia Elkartea edo Kofradiarekin. Hitzarmenak, dirulaguntza zuzen eta izenduna ematea jasotzen du bere baitan; 4.950 euroko dirulaguntza izatea zehazten da. Hitzarmena eta dirulaguntza onartzea proposatuko zaie gobernu taldeko kideei, gaur arratsaldeko bileran.
Udalak eta Aloña Igoera Aisialdi eta Kultura elkarteak ere lankidetza hitzarmena dute, 2023tik. Aurtengo mendi lasterketa eta bestelako ospakizuna pasata, hitzarmenak zehazten duen dirulaguntza ordaintzea aztertuko da, arratsaldeko bileran. Dirulaguntza eta ordainketekin jarraituz, Selma Huxley Barkham ikerketa bekaren bigarren ordainketari argi berdea ematea ere proposatuko da batzarrean. Iazko irailean erabaki zen Selma Huxley IV. Ikerketa beka Edurne Iriondori ematea, Oñatiko fabriketan emakumeen (ezinbesteko) lana izenekoa osatzeko. Orain artean egindakoa aurkeztu dio ikerlariak epaimahaiari eta honek ontzat eman du, bekaren bigarren ordainketa egitea proposatuz. Onespena, ordea, gobernu taldeari dagokio.
Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!