Oñatiko udala

Desfibriladorea erabiltzen erakusteko saioa antolatu da datorren asterako

2026/05/05
Card image cap
Bihotz-biriken suspertze protokoloa eta desfribiladoreen erabilera eta kokapena laburbiltzen duten esku-orriak banatzen ari dira

  Herritarren eskura bost desfibriladore daude Oñatin: Zubikoa kiroldegian, Eltzian, Azkoagainen, Arantzazun, denda aldamenean, eta Araotzen, Arrikutzeko koben aparkalekuan. Guztiak kalean daude, edozein ordutan erabilgarri, larrialdiak edonoiz gerta bailitezke. Baina eskuragarri izateaz gain erabiltzen jakin behar da eta horren haritik, dibulgazio kanpaina egiten ari da Udala, desfibriladoreak nola erabili azaltzen duten esku-orriak etxeetara banatuz eta hitzaldi bat antolatuz.

  Dagoeneko etxeetara banatzen ari diren esku-orrietan bihotz-biriken suspertzerako protokolo unibertsala pausoz pauso azaltzen da: 112 larrialdietarako zerbitzura deitu, gaixoaren arnasbideak ireki eta arnasarik hartzen ez badu bihotz-biriken suspertze masajeekin hasi eta desfibriladorea erabili. Oñatin dauden bost desfibriladoreak automatikoak dira, erabilerrazak.

  Erabilera argibideak desfibriladoreen ondoan jarrita daude baina etxeetara banatu den esku-orrietan ere laburtu da, desfibriladoreen kokapenarekin batera. Eduki berberak hitzez eta irudiz azaltzen dituen bideo laburra ikusteko QRa ere txertatu da esku-orrian. Praktikara salto eginez, berriz, desfibriladoreak erabiltzen erakusteko saioa antolatu da, maiatzaren 13an, 18:30etan, Kultur Etxean.

  Ez da lehen aldia Udalak desfibriladoreen kokapena eta erabilera azalduz informazio kanpaina egiten duela, aparatuak Arantzazun eta Araotzen jarri zirenean ere antzerako ekimena gauzatu zuen. Baina bost urte pasatu dira jada eta errepikatzea erabaki da, berriro gogora ekartzeko.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!