Oñatiko udala

Debako “Zehar heziketa eta programak” enpresak jarraituko du Gaztelekuan zerbitzua ematen

2025/06/11
Card image cap
Bi urterako kontratua sinatu da, beste urtebetez luza daitekeelarik

  Debakoa, 2015etik ari da zerbitzua ematen Gaztelekuan; 2023an sinatu zen 2 urteko aurreko kontratua, eta luzatzeko aukera bazegoen ere, bere horretan etetea eskatu zuen enpresak, prezioak eguneratu beharra argudiatuta. Izan ere, Gipuzkoako esku-hartze sozialerako hitzarmen kolektiboak %12 inguruko igoera izan du azken hiru urteetan. Igoera hori kontutan hartuta abiatu zen zerbitzuaren esleipen prozesua, martxoan. Bi enpresa aurkeztu ziren eta aurkeztutako memoria txostenak markatu du bi eskaintzen arteko diferentzia. Zehar elkarteak osatutako proposamenaren konkretutasuna eta esperientzian oinarritutako metodologia sendoa nabarmendu du epai-mahaiak. Teknikoki koherentea dela eta Oñatiko gazteriaren eguneroko beharrak kontutan hartuta diseinatu dela aipatzen da eta tokiko eragileekin duen harremanak eta proposatutako dinamiken bideragarritasunak konfiantza sortzen dutela azpimarratzen da. Hori guztiagatik, txostena benetan bikaina dela adieraziz, gehienera lortu zitezkeen puntu guztiak eman zaizkio. Zerbitzua betetzeko eskaintza ekonomikoari dagokionean, Udalak zehaztutako lizitazio prezioa proposatu, eta onartu da. Bi urteko kontratuak 736.780 euroko aurrekontua du.

  Gaztelekuan haur, nerabe eta familiei zuzentzen zaizkien zerbitzu eta espazioen kudeaketa zuzenaz gain, enpresa esleipendunak gainontzeko herritarrekin harremanak ere bideratu beharko ditu, Gaztelekuak eskaintzen dituen ekipazio eta materialen erabilera beste eragile batzuei ahalbidetzeko. Zuzeneko arreta ordutegitik kanpo ere, Gaztelekuko eraikina asteartetik ostiralera goizez zabalduko da Maratz lan orientazio zerbitzua eskaintzeko. Hasieran aparteko zerbitzu moduan kontratatu den Inklusio zerbitzua ere Gaztelekuko kudeaketa kontratuan sartuta dago 2023tik, ordutegi zehatzik ez eta beharren arabera antolatzen delarik.

  Txandaka arituko diren hezitzaileak eta udalarekin harremanetan egongo den koordinatzaile teknikoa izendatu ditu enpresak. Hezitzaileak egun Gaztelekuan ari dira, beraz, herriko haur eta nerabeentzat ezagunak eta erreferentziazko peertsonak dira. Aurpegiak ezagunak eta zerbitzu gune ezberdinen funtzionamendua ere paretsua izango da aurrerantzean. Gaztelekua asteartetik igandera arratsaldez irekitzen da eta asteartetik ostiralera goizez ere bai, 11:00etatik 13:00era.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!