Debagoieneko XXII. Trikitixa Egunerako logo lehiaketa antolatu du Lizargarate trikitizale elkarteak
2027ko apirilaren 24an Oñatin ospatuko da Debagoieneko XXII. Trikitixa Eguna. Antolakuntza taldea hasi da lanean eta egun hori iragartzeko logoa sortzeko lehiaketa deitu du.
Irudi sortzeko lehiaketa oñatiar guztiei irekita dago, adin-mugarik gabe. Hori gogoan, herriko ikastetxeetara zabaldu ditu lehiaketarako oinarriak antolakuntzak. Baldintza horietan zehazten denez, logoan derrigorrean agertu beharko da 2027 urtea edo XXII. Trikitixa Eguna. Era berean, trikiti eta panderoari erreferentzia egin beharko zaio, musika-tresnak edo hauek iradokitzen duten irudiak agertuz. Hautatzen den logoa Trikitixa Egunerako aterako diren kamisetetan txertatuko da eta irudiaren sortzaileei ere kamisetaren zein lekutan jarriko luketen proposatzea eskatzen zaie, kontutan hartuta, trikitilarien tresnak kamisetaren aurrealdearen zati handi bat estaliko duela. Sortutako lanak Lizargarate elkartera posta elektronikoz bidali behar dira: lizargarateelkartea@gmail.com, ekainaren 25a bitartean. Lehiaketa bati buruz ari garelarik, hautatutako lanaren sortzaileak saria jasoko du, nahiz eta ez den argitu zer edo zelakoa izango den.
Datorren urteko Debagoieneko Trikitixa Egunaz ari gara baina aurtengoa ez da ospatu oraindik, maiatzaren 30ean izango da Bergaran. Egun osoko egitaraua antolatu dute. Eskualdeko trikitilari eta panderojoleak izango dira protagonistak baina Xabi Solanoren kontzertua eta Altziri eta Iratzar erromeria taldeen emanaldiak programatu dira.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!