Oñatiko udala

Debagoieneko Palestinaren Aldeko Sarea aurkeztu dute Elorregin

2025/09/24
Card image cap
Urriaren 25ean Arrasaten egingo den eskualde mailako manifestazioan parte hartzera deitu dituzte herritarrak

  Eskualdeko herri guztietan eratzen joan diren Palestinaren aldeko taldeek elkarlanean, erantzun bateratua emateko Debagoieneko Sarea sortzea erabaki dute. Indarrak batu eta Palestinaren itxaropena eta askapena aldarrikatzeko oihu ozenena egiteko asmoz ari direla esan dute Elorregiko pilotalekuan egin den aurkezpen ekitaldian. Debagoieneko Palestinaren Aldeko Sarea, mugimendu zabal, irekia eta partehartzailea dela esan dute; palestinarren aurkako genozidioa salatu eta bistaratzeko mugimendua eta sarraskia geldiarazteko eskura dituen tresna guztiak erabiliko dituen mugimendua. Israeldar jatorriko produktuei boikota egitea bultzatuko dute eta enpresa eta erakundeei Israelekin harreman komertzial eta politikoak etetea exijituko diete. Era berean, gizartea aktibatu eta kalera ateratzeko mugimendua ere badela argitu dute, instituzioen pasibotasuna eta konplizitatearen aurrean, gizarte zibilaren erantzuna ezinbestekoa ikusten dutela gaineratuz. La Hayako auzitegiari eskatu diote genozidio honen arduradunak inputatzea eta epaitzea; eta Amerikako Estatu Batuei eta Europako Batasunari, sarraskiaren konplize izateari uzteko.

  Antolatu eta Palestinako herriarekiko elkartasuna kaleetan azaltzera animatu dituzte herritarrak. Era berean, urriaren 25ean, 19:00etan, Arrasaten egingo den manifestazioan parte hartzera gonbidatu dituzte. Aurrez, urriaren 4an Iruñean egingo den Palestinaren aldeko manifestazio nazionalerako Debagoienatik autobusak jarriko direla ere esan dute.

  Debagoieneko herri guztietan eratu dira Palestinaren aldeko taldeak. Oñatin ere badago eta Palestinaren aldeko eta genozidioaren kontrako mural erraldoia margotzeko asmoa azaldu du sare sozialetan zabaldu duen bideoaren bidez. Jaumendiko errotonda babesteko egin zen paretaren zati handi bat zuriz margotu da aipatu muralerako prestatzeko.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!