Oñatiko udala

Debagoieneko ospitalea handituko dute, eraikin zaharra eraitsita

2021/10/07
Card image cap
24 milioi euroko inbertsioa egingo da

  Gotzone Sagardui Osasun sailburua Arrasaten izan zen atzo ospitalea handitzeko dituzten asmoen berri ematen. Eraikin zaharra eraitsiko da eta aldameneko eraikina handituko da, zerbitzu eta unitate berrientzako leku eginez; eguneko ospitale mediko-kirurgikoa handitu ahal izango da, aparatu digestiboko unitate berria sortu, endoskopien zerbitzuarekin, errehabilitazio-zerbitzu berria sortu eta ospitalearen barruan erresonantzia magnetikoaren areto bat sartu. Gainera, Arrasateko larrialdi-zerbitzurako oinarri berria egingo da, eta kanpo-kontsulten arloa handituko da. Era berean, eraikin berriak 100 bat ibilgailurentzako lurpeko aparkalekua izango du. Baina eraikuntza lanek iraun bitartean beste bi aparkaleku egokituko direla ere aurreratu zuen Osasun sailburuak.

  Lanok 24 milioi euroko aurrekontua dute eta Osasun sailaren 2021-2024 Esparru Estrategikoan jasotzen dira, beraz, epemuga horretan gauzatzeko konpromisoa dagoela esan zuen Sagardui sailburuak. Lanak, urte akabera baino lehen hastea aurreikusten da.

  Eraitsitako eraikin zaharraren ordez jasoko den berriak 7.000 m2 izango ditu: bi soto, beheko solairua eta beste lau solairu gora. Aparkalekua,esan bezala, eraikin berriko bi sotoetan egokituko da, 100 plazako edukieraz. Debagoieneko ospitaleak eskualdeko 64.800 biztanleri eskaintzen die osasun-zerbitzua.

Iturria: Oñati Irratia

 

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!