Oñatiko udala

Debagoieneko Mankomunitateak, atez ateko hondakin bilketarako material horniketa deialdi ezberdinak kaleratu ditu.

2012/10/04
Ontzi txiki eta edukiontzi handiak eta esekitokiak eskuratzeko lizitazio iragarkiak argitaratu ditu.

  Mankomunitateko gobernu juntak azken bileran onartu zituen materiala eskuratzeko horniketa lizitazioak martxan jartzea. Iragarkiak berriz, aste honetan argitaratu dira Gipuzkoako aldizkari ofizialean.

  Erabilera eta edukiera ezberdineko ontzi eta edukiontziak eskuratu nahi ditu mankomunitateak. Hala, ekoizle handiek sortutako etxeko hondakinen zatiki edo frakzio desberdinak biltzeko hainbat edukieratako edukiontziak eskuratzeko deialdia egin da baina baita, zatiki organikoak eta erreus zatikiak biltzeko 10 litroko ontziak eskuratzeko deialdia ere. 3. iragarki batean berriz, etxeko hondakinen zatikiak biltzeko esekitokiak eskuratzeko deialdia argitaratu du.

  Mankomunitatea material ezberdinez hornitzeko hiru lizitazio hauek eskaintzak jasotzeko epe muga berbera dute: urriaren 17a, hain zuzen ere. Eskaintzak eskutan eta aztertzeko tartea hartuta, erabakia, azaro amaierako gobernu juntan hartu daiteke. Gero material hori eskuratu eta herritarrei banatu beharko zaizkie. Esekitokien kasuan kalean kokatu beharko dira.

  Gogoratu, Debagoieneko Mankomunitateak, atez ateko hondakin bilketa sistema datorren urteko lehen hiru hilabetekoan Oñati eta Bergarara zabaltzeko asmoa duela.

  Baina hondakinak atera edo uzteko ontziak eskuratzeaz gain, hauen bilketa eta garraio zerbitzua kontratatzeko lizitazioa ere egin berri du mankomunitateak.

  Deialdian zehazten denez, kontratatuko den enpresak mankomunitateko 8 udalerrietan bete beharko du zerbitzua, egun atez atekoa duten Antzuolan bezala, halako sistema ez duten herrietan ere bai. Beraz, lizitaziora aurkezten diren enpresek, etxeko hondakinak biltzeko aukera ezberdinak uztartu beharko dituzte.

  Lanak esleitzeko irizpideetan, atez ateko zerbitzuak ezartzeko enpresak egindako proposamen eta hobekuntzak bereziki baloratuko dira. Debagoieneko mankomunitateko udalerrietan etxeko hondakinak bildu eta garraiatzeko zerbitzua eman nahi duten enpresek, azaroaren 16a arteko epea dute dagokien eskaintza aurkeztu ahal izateko.  

Iturria: Oñati irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!