Debagoieneko Mankomunitateak antolatuta langabetuei zuzendutako zenbait ikastaroetarako izen emate epea luzatu du.
Luzatu, langabetuei orokorrean eta 30 urte bitarteko gazteei propio zuzendutako 4 formazio ikastaroetarako izen emate epea da luzatu dena. Konkretuki, bizikleta elektrikoen teknikari, energia berriztagarrien eraginkortasuna eta eraikuntza arloko programa informatikoak ikastaroak batetik, eta 30 urte bitarteko gazteei zuzendutako “gazteak prest lanerako Debagoienean” izeneko programan parte hartzeko, bestetik.
Lau talde hauek osatu gabe daudenez, izen ematea astebetez luzatzea erabaki da, apirilaren 19ra arte. Lehen hiru ikastaroak langabetuei zuzenduta daude eta 98 orduko iraupena izango dute.
“Gazteak prest lanerako Debagoienean” izeneko programa berriz, langabezian dauden gazteei propio zuzendutako egitasmoa da eta formazioa ez ezik, praktika ere jasotzen duena. Ikasleek, 360 ordu teoriko izango dituzte eta 3 hilabeteko praktikak beteko dituzte eskualdeko udal ezberdinetan mantenu lanak egiten. Laugarren ikastaro hau eraikinen eta hiri altzarien mantenua eta konponketa ikastaroa izango baita.
Ikastaro guztiak datozen hilabeteetan hasiko dira. Parte hartzeko, aurrez izena eman behar da eta horretarako epea esan bezala, hilaren 19ra arte luzatu da. Izena, Mankomunitateak Arrasaten duen egoitzan eman daiteke edota, hemen, Oñatin bertan, udaleko enplegu zerbitzuan: Bidebarrieta kaleko 12an. Argibideetarako ere, udal enplegu zerbitzura joan daiteke edo bertara telefonoz deitu: 943 037 700 zenbakira eta Jesus Mari Ugarterekin berba eginda.
Mankomunitateak berak antolatuta, Debagoienean autoenplegua sustatzeko saio eta tailerrak ere egingo dira. Apirila eta maiatzean zehar, eta herririk herri, autoenplegurako sentsibilizazio saioak egingo dira. Oñatin, maiatzaren 28an izango da. Ondoren, ekintzaile berrientzat eta enpresa txikientzat 4-6 orduko tailerrak egingo dira Arrasaten.
Gaiari buruzko informazioa, udaleko enplegu zerbitzuan jaso daiteke eta izena ere bertan eman behar da: Bidebarrieta kaleko 12an edota 943 037 700 telefono zenbakian.
Iturria: Oñati irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!