Debagoieneko erosketa bonoen kanpaina irailaren 30a arte luzatu da

2014/06/25
Card image cap
Erosketa bonoak eskuragarri daude udaletxean, eta kanpainara atxiki nahi duten dendek ere hartarako aukera dute irailaren amaiera bitartean

  Dirudienez, zenbait herritan informazio arazoak izan dira eta herritarrak apenas hurbildu diren erosketa bonoak eskuratzera. Une honetan, zirkulazioan dauden txartelen ehuneko 35-40a inguru, Oñatin erositakoak direla esan digu udaleko sozio-ekonomia teknikariak. Dendarien artean ere gaizki ulertuak izan omen dira. Horretxegatik guztiagatik datorren astelehenean amaitzekoa zen Debagoieneko erosketa bonoen kanpaina irailaren 30era arte luzatzea erabaki du Mankomunitateak.

  Kanpainaren helburua, eskualdeko txikizkako merkataritza sustatzea da. Horretarako, egitasmora atxiki diren dendetan gastatu ahal izango diren bonoak atera dira. Bezeroak, 25 euroko balioa duten bonoak 20 euroren truke erosten ditu. Falta diren 5 €ak, Mankomunitateak jarriko dituelarik. Herritar bakoitzak bono bakarra erosi dezake eta hori kontrolatzeko, bonoa eskuratzerakoan nortasun agiria erakutsi beharko da. Erosketa bakoitzeko bono bakarra eta osorik erabili beharko da.

  99 dira orain arte kanpainarekin bat egin eskualdeko dendak, tartean, Oñatiko 27. Baina kanpaina epea luzatu denez, gehiago izan daitezke kanpainara atxikitzen diren merkatariak. Zerrenda eguneratua www.debagoiena.net mankomunitateko atarian ikusgai dago.

  Debagoiena osorako 2000 erosketa bono atera zituen Mankomunitateak eta horietako 300 Oñatira ekarri ziren. Bonoak, udaletxean erosi daitezke.

  Debagoieneko txikizkako merkataritzaren aldeko sustatze eta promozio kanpaina honetan Mankomunitateak, Foru aldundiaren eta merkataritzaren dinamizaziorako bulegoaren laguntza dauka.

 

Iturria: Oñati irratia


 

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!